Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   ZIKLOTURISMOA

Euskadiko Zikloturismoaren Nazioarteko II. Foroaren ondorio nagusiak

Joan den maiatzaren 4an Gasteizen egin zen foroaren ondorio nagusien artean, honakoak daude: kirol-ekitaldi handiek helmugaren aldaketa katalizatzen dutela eta Frantziako Tourrak Euskadin, eragin ekonomikoaz gain, helmugaren posizionamendua hobetuko duela.

Analisi-aldi baten ondoren, Basquetourrek maiatzaren 4an Gasteizen egindako Euskadiko Zikloturismoaren Nazioarteko II. Foroaren ondorio nagusiak argitaratu eta sektorearekin partekatu ditu.

 

Hauek dira azpimargarrienak:

 

1.- Kirol ekitaldi handiak oso ekitaldi bereziak izaten dira, helmugetan aldaketak bizkortzen dituzten katalizatzaileak nolabait. Nazioarteko ekitaldi handiak babesteko inbertsioak emaitza bikainak lortzen ditu estrategia baten zati denean. Kasu hauetan, ekitaldia estrategiaren piramidearen tontorra da eta oinarrian, ziklismoaren bidez osasuna, mugikortasuna eta kohesio soziala hobetzeko politiken garapena dago; baita ere, helmugaren, bertako enpresen eta instalazioen lehiakortasuna hobetzeko politikak. Formatu txiki eta ertaineko kirol ekitaldi amateurren egutegi baten plangintza ere ezinbestekoa da estrategian.

 

2.- Frantziako Tourraren “Grand Départ” irteerak utziko duen legatua luzea izango da eta proba jokatuko den egunetan izango duen zuzeneko inpaktu nabarmenaz haraindi joango da. Epe ertainean ere iraungo du, helmugaren posizionamendua nabarmen hobetuko baitu zikloturismoari dagokionez. Euskadiko eragile eta agente guztiok prest egon behar dugu legatu horren inpaktua optimizatzeko gai izateko eta gure kontakizunean eta baita komunikazioan ere, proba honen garapena Euskadin barrena txertatu beharko dugu.

 

3.- Frantziako Tourraren “Grand Départ” irteerak aukera bikaina ematen dio Euskadiri herrialde ziklista izatetik helmuga zikloturista izatera pasatzeko. Euskadik horretarako baldintzak betetzen ditu, baina hona hemen benetako erronka: Europako errepideko ziklismorako helmuga garrantzitsuenetako gisa posizionatzea, bertako ibilbideei, turismo produktuaren garapenean izandako berrikuntzari eta bisitarientzako eta toki komunitatearentzako garapen jasangarriari esker.

 

4.- Baliteke geurean daukagun klima edo eguraldi ez beti atsegina selling point bihurtu izana: «zenbat eta epikoagoa, orduan eta hobeto». Ez dago Flandrian ez bustitzea espero duen zikloturistarik. Kultura ziklista, abegikortasuna, zaletasuna, profesional ohiak eta industria funtsezko balioak dira euskal zikloturismo produktuaren nortasuna sortzeko.

 

5.- Ziklismoa kirola izatetik bizimodua izatera pasatu da eta horretan aritzen direnek esperientzia bakar eta bereziak bilatzen dituzte beren idoloak lehiatzen ikusi dituzten tokietan. Gainera, zikloturismoak bisitari fluxuak banatzen, dibertsifikatzen eta turismoak duen urtarotartasuna murrizten laguntzen du.

 

6.- Strava, Komoot, Wikiloc, Trailforks eta beste aplikazio mugikor batzuen garapenari eta hazkundeari esker, esperientzia zikloturista sofistikatu egin da eta lagungarria izan da ibilbideetan (track-etan) oinarritutako produktu oso espezializatuak eta paregabeak, bidaiari kirolarien profil oso zehatzetarako pentsatuak, sortzeko. Teknologia aliatu handia da, baina track bat esekitzea ez da nahikoa: produktua egituratu behar da eta zentzua eman behar zaio, bai lineako edukiaren bidez bai tematizazioaren edo gaikakotasunaren eta elementu fisikoen bidez. Funtsezko elementuetako bat komunitatea sortzea eta harekiko interakzioa izango da.

 

7.- Aplikazio mugikorrek erabiltzaile zikloturisten komunitate oso segmentatuak sortzen dituzte. Ibilbideetan oinarritutako produktuek komunitatearekiko komunikazio arina ahalbidetzen dute, komunitateko erabiltzaileek elkarri eragiten baitiote eta plataforma horietan edukia sortzen baitute. Helmugentzat ezinbestekoa da mezua beren hartzaileentzat egokitu eta pertsonalizatzea. Ibilbideetan (track-etan) oinarritutako produktuek inpaktuarekin eta errendimenduarekin lotutako adierazleak sortzea ahalbidetzen dute. Hala ere, datuak plataforma handien esku daude. Marketin ekintzak egiten joan behar dugu, komunitatea gure webgunera eta gero gure datu-basera eramatea izanik helburua.

 

8.- Helmugetan oso garrantzitsua da zikloturismoan espezializatutako nazioarteko bidaia agentzia handizkariak egotea, bakoitzak bere merkatuan helmugaren posizionamenduari eta ikusgaitasunari egiten dion ekarpenagatik. Hala ere, agentzia hartzaileek funtsezko zeregina betetzen dute beren toki ezagutza sakonaren bidez balioa ekartzeko, hain zuzen ere, produktu jatorrak eta bezeroentzako esperientzia gogoangarriak sortzeko.

 

9.- Ziklismoko eta zikloturismoko ekitaldiek bidaia agentzia handizkariak erakar ditzakete, helmugaren posizionamendua bizkortzen dutelako. Gainera, lagungarriak dira agentzia hartzaileek kalitate oneko produktu paraleloak edo ekitaldietan oinarritutakoak sortzeko.

 

10.- Kirol ekitaldien antolaketak oso zeharkakoa den kudeaketa elementu bat dauka. Ildo horretan, bai alderdi publikotik bai alderdi pribatutik inplikaturiko sektore guztiek modu koordinatuan eta helburu eta interes komunekin jarduten duten helmugak baloratzen dituzte antolatzaileek, hiru eremutan, alegia: turismoa, kirola eta ingurumenaren jasangarritasuna, soziala eta ekonomikoa.

 

11.- Ziklismoan espezializatutako prentsak edukiak argitaratzeko duen erritmoa bizkortu egin da lineako formatuaren eraginez eta gizarte sareek sortutako berehalakotasun efektuaren ondorioz. Horri dagokionez, zikloturismo helmugetako esperientziak komunikatzeko, slow kazetaritza behar dugu, sakonagoa, gogoeta egiteko egokia eta lasai kontsumitzekoa dena, hartzaileei helmugaren mamia helaraztea lortzeko. Helmugaren kontakizunak (storytelling-ak) argia izan behar du eta eragile guztien artean bateratuta egon behar du. Ezinbestekoa da turista potentzialentzat helmugaren imajinarioa sortzea eta, horretarako, kalitate altua duten eta turista potentzialarentzat esanguratsuak diren edukiak erabili behar dira.

 

12.- Inspiratzea eta informatzea ez dira gauza bera. Markek eta zikloturismo helmugek gero eta eragin handiagoa dute eduki sortzaileen ikuspuntu subjektiboan, preskripzioan inbertitzen baitute. Helmugek enbaxadoreak behar dituzte, Euskadiren nortasuna eta bertako zikloturismoaren balioak nazioartean proiektatzen dituzten ziklismoko heroiak, hain zuzen ere gizonak eta emakumeak, jardunean zein erretiroan. Enbaxadoreek funtsezko zeregina daukate helmugaren marka sortzeko. Customer journey-ko fase guztietan jardun behar da.

 

Ondorio guzti hauez gain, foroaren informazio eta material guztia, hala nola ekitaldiaren bideoak eta argazkiak eta hitzaldien aurkezpenak, www.euskadibikecountry.eus webgunean daude eskuragarri.

 

Bicycle Summit Euskadi 2023”

Bestalde, datorren ekainaren 30ean “Bicycle Summit Euskadi 2023” goi-bilera egingo da, Arabako hiriburuan hirietako bizikleta-mugikortasuneko nazioarteko aditu onenak bilduko dituena, euren esperientziak eta joerak partekatuz.

Informazio gehiago:

https://www.google.com/search?q=BICYCLE+SUMMIT+EUSKADI+2023

Maiatza 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31