Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Igandean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da

Hori dela eta, Dorleta Kortazarren "Hitzen lapurra" helduentzako ipuin-saioa antolatu dugu ostiral honetan Eusko Jaurlaritzak Bilboko Bizkaia plazan dituen gainerako sozietate publikoek.

Adierazpen batean, euskal erakundeek euskal hiztuna eskatu dute euskararen hedapen digitalerako eragile nagusi gisa.

1 / 2

Igande honetan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Dorleta Kortazarren "Hitzen lapurra" helduentzako ipuin saioa antolatu dugu gaur, ostirala, Bilboko Bizkaia Plazako eraikineko Eusko Jaurlaritzako elkarte publikoek.

 

Euskal erakundeek, ospakizun honen harira argitaratutako adierazpen batean, euskal hiztunak euskararen hedapen digitalerako eragile nagusi gisa duen paper oso garrantzitsua nabarmendu nahi izan dute.

 

Hauxe da adierazpena:

 

Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide Euskal hiztuna, euskararen zabalkunde digitalaren eragile Nagusia

Gure alde, euskararen alde alegia, inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, kuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.

 

Garrantzi betekoak izaten jarraitzen dute, ezinbestekoak, euskararen erabileraren aldeko ekimen kolektibo presentzialek, jendetsuek, kale girokoek; ezinbestekoak diren bezala euskara ardatz duen elebitasun orekatua gauzatzen jarraitzeko lankidetza pribatu-publiko harmonikotik datozen ekimen eraginkorrak oro.

 

Baina digitalizazio aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala makulu ezezik kultur, komunikazio eta gizarte garapenaren bektore nagusi bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da gure komunitatera.

 

Algoritmoak ausazkotasunarekin lotzen ditugu sarritan eta adimen artifiziala gure control eremutik at dagoen esparru batekin. Baina teknologia aurreratu guzti honen muinean, gizakiak etengabe elikatutako tripak daude. Makinen autonomía gero eta handiagoa izanik ere, autonomía hori era batera edo bestera elikatu eta bideratu daiteke, Bada, elikatze horretan dugu euskaldunok etorkizun hurbilerako erronka, bai erakundeen aldetik eta baita norbanakoen aldetik ere.

 

Sortuko diren tresna, aplikazio, gailu… berriek gure hiztun komunitatearen eta gure euskararen muina behar dute erraietan. Horretarako, ahotsa, hizkera, hizkuntza ezagutza, aldaera, estiloa, berezitasuna, esakera edo idazkera etorkizuneko tresnen elikagai bilakatu behar ditugu.

 

Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari.

 

Oparo bueltatuko digu.-eta gure oraingo ahaleginaren mozkina, modu ezin praktikoagoan bueltatu ere: euskarazko datu-base sendo bat sortuta, euskarak zuzeneko sarbidea izango du sare teknologiko nagusien zirkuituetan, eta, horren eskutik, eguneroko eta helburu urgaritako aplikazioetan.

 

Ez da amets bat, hil edo biziko eginkizuna baizik euskararen garabidearei begira eta, batez ere, digitalizazioaren unibertso ekidinezinean gure hizkuntzak atzerapausorik gabe Aurrera egin ahal izan dezan.

 

Beste hainbat urrats egin ditu euskarak digitalizazioaren eremuan oraingo honen aurretik ere, esate baterako, itzultzaile neuronalaren, itzulpen automatikoaren, ahots sintesiaren eta transkripzioaren alorrean emann diren urratsak.

 

Hortxe beraz, bidea: erabil ditzagun gure alde, euskararen zabalkundearen alde, teknologia kolaboratiboak, izugarria izango dugu ahaleginaren ordaina, guztiz aldekoa eta, batez ere, atzeraezina.

 

Euskal hiztunon komunitateak zor dio bere buruari ahalduntzerako bide honeta urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu.

 

Eta ireki diezaiogun ahalegin honen atea, baita ere, euskarara hulbiltzen ari diren herritar guztiei, euskal herritarron komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala.

 

Eman diezaiogun ahotsa euskarari, mundua euskaraz izendatzen jarraitu ahal izan dezagun. Euskarari zor diogu. Geure buruari zor diogu.

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30