Basquetour: Turismoaren Euskal Agentzia. Agencia Vasca de Turismo

Eusko Jaurlaritzak turismoa baliarazten du euskal ekonomiarako sektore garrantzitsutzat

2017/08/05 - BASQUETOUR
FacebookTwitterLinkedin

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak deia egin du erantzukizuna eta lasaitasuna izateko turismoaren aurka zuzendutako ekintzen eta adierazpenen aurrean, azken egunotan talde jakin batzuek bultzatuta. Alfredo Retortillo sailburuak honako hau adierazi du: “Donostiako kale batzuetan agertu diren aurkako pintada xenofoboak bisitari ditugunekiko ez dira ez errore bat, ez eta umekeria bat ere, berehala geldiarazi beharreko onartu ezinezko tolerantziarik ezaren erakusgarria baizik. EAEn, turismoari nahiz beste edozein auziri buruzko eztabaida politikoa ezin da bideratu jardunbide biolentoetatik eta kikiltzekoetatik, gure herrian horiek gainditutzat zeneuzkagun eta”.

 

“Orain arte gertakizun bakartuak izan dira; baina, ekintza horien alde agertzen diren, horiek barkatzen dituzten edo euren jarrera politikoak sustatzeko baliatzen dituzten talde politikoei eskatzen diegu ez dezatela aurrera egin ondo amaitu ezin duen norantzan, gure iragan berriko beste une batzuk gehiegi gogorarazten dituzten uneetarantz. Jakina denez, azken egunotan erasoak izan dira autobus turistiko baten aurka Bartzelonan eta jatetxe baten aurka Mallorcan. Gainera, Gros auzoko Arrizul hoteleko ostalariek sabotajea eta pintadak jasan zituzten azken maiatzaren 1ean. Ertzaintza horren inguruan ikertzen ari da.

 

Retortillo sailburuak honako hau gehitu du: “mota honetako ekintzak bultzatzen dituztenek ez dute ezertan laguntzen turismo iraunkorrari buruzko eztabaidan, eta haien helburua ez da, ziurrenik, hori lortzea. Herriaren irudia hondatu besterik ez dute egiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ia 100.000 langile enplegatzen dituen gure ekonomiaren sektorean kalte egiten dute”. “Euskal Autonomia Erkidegoko turismoaren sektoreko enpresei eta langileei nire berme osoa dutela jakinarazi nahi diet, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Saila beren ondoan izango dela”.

 

Sailburuak gogorarazi du Legebiltzarrean izandako bere lehen agerraldian, kargua lortu eta berehala, eta baten batzuk 'Tourists go home! garrasika hasi baino lehen —ahaztuz eurak kanpora doazenean turistak direla—, dagoeneko nabarmendu zuela turismoa iraunkortasunaren estrategiatik kudeatu behar dela, eta horrek eskatzen duela, ingurumenaren ardatzaz gainera, haren aberastasun-sorkuntza sustatzea eta onurak herrialde osorako izatea. “Iraunkortasuna lehentasunezko helburua da nire sailaren politikentzat, baita Eusko Jaurlaritza osoarentzat ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du Nazio Batuen 2030 Agendako garapen iraunkorreko helburuekin”. Aipatzekoa da, halaber, Eusko Jaurlaritzaren turismo-politikak direla joan den ekainean argitaratutako soziometroan hoberen baloratutako atala. Herritarren ehuneko 63ren ustez, politika horiek egokiak dira.

 

 

 

Bestalde, gogorarazi du, era berean, Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan egindako karga turistikoaren ahalmenari buruzko azterlanean, joan den ekainean Sailak aurkeztutakoan, adierazten zela “datuetan oinarrituta, euskaldunak jakitun zirela jarduera turistikoa Euskal Autonomia Erkidegoan gora egiten ari zela, baina ez zutela inola ere antzematen asetasun turistikoaren mailatan gaudela”.

 

Turismoa euskal ekonomiaren sektore indartsuenetakoa bilakatu da, krisiari hoberen eutsi dioenetakoa. Turismoak 2016an euskal ekonomian egindako ekarpena 4.100 milioi euro izan zen; hau da, BPGaren % 5,9 (duela bost urte baino bost hamarren gehiago). Gipuzkoa buruan da turismoaren ekarpenean, BPGaren % 7,4rekin. Ondoren datoz Bizkaia, % 5,2rekin, eta Araba, % 5,1ekin.

 

Datorren abuztuaren 17rako Ernaik turismoaren hazkundearen aurka deitutako manifestazioari dagokionez, honako hau adierazi du: “haren helburu bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko turismoaren irudi distortsionatua ematea da, gure errealitate turistikora beste leku batzuetan masifikazioak benetan sorrarazi duen masifikazioa ekarrita. Gu ez gaude eredu horretan, eta gure politika ere ez dago horretara bideratuta. Alabaina, batzuentzat dena baliagarria da beste arazo batzuk haientzat garrantzitsuak ez direnean. Hori bai, arazo bati heltzen diotenean, modu agonikoan aurkezten dute, dela AHTa, direla zaborrak edo, orain, dela turismoa”.

 

“Gure turismoa ez da, eta ezin du izan, eguzki eta hondartzako labore bakarra. Askotariko eskaintza dugu. Izan ere, itsasertzeko edo barruko paisaiaz eta turismo berdeaz gainera, gure gastronomiaren erakargarria dugu, gure upeltegiena, gure museo eta bitarteko kulturalena, gure jaialdiena, gure festena, etab. Elementu horiez guztiez harro egon gara orain arte, horiek erakusteko eta bisitatzen gaituztenekin partekatzeko harro.

 

Nolanahi ere, ildo horretatik hau gehitu nahi izan du: “aldatutako turismo baten ondorioengatik —eta, berriro diot, Euskal Autonomia Erkidegoan ez da horrelakorik— kezka badago, nire ustez bidezkoa litzateke ekarpen lasaiagoa egitea eztabaida honetan, manifestazio horren deialdia bertan behera utzita. Ez dut ulertzen Donostiako bisitariak bertako festak direla-eta etortzen direnean donostiarrak kaleetan manifestatzen eta kanpora joan daitezela garrasi egiten aritzea”.
 

Buscador

Lege-oharraHarremanaDeskargakBeste webgune batzukBerriakEgutegia