Basquetour: Turismoaren Euskal Agentzia. Agencia Vasca de Turismo

World Travel Market azoka da Euskadi Londresen aurkezteko leihoa

• Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Harkaitz Millán Basquetourreko zuzendariarekin batera, zabaldu du Londresko nazioarteko turismo-azokan Euskadik duen espazioa. • World Travel Market azoka azaroaren 6tik 8ra bitartean egingo da, eta nazioarteko bidaia-agentziak eta touroperadoreak bilduko ditu.

2017/11/06 - BASQUETOUR
FacebookTwitterLinkedin

Euskadi ikusgai izango da Londresko World Travel Market azokan, euskal turismorako nazioarteko hitzordu profesional garrantzitsuenetako batean. Gaur hasi eta asteazkenera arte, hilaren 8ra arte, egingo da azoka, eta, bertan izango dira bidaia-agentziak, touroperadoreak eta sektore horretako bestelako enpresak. Ekitaldi honetan, 16 euskal enpresek bilerak eta topaketak egingo dituzte turismoaren sektoreko profesionalekin Euskadiren “espazio berezian”.
WTM azokara 50.000 profesional inguru, 180 herrialdetik gorako 5.000 erakusle inguru eta 3.000 kazetari inguru bertaratuko da. Retortillo sailburuak adierazi du garrantzi handikoa dela WTM moduko azoketan izatea, “Euskadi munduan ezagutarazteko leihoa dira. World Travel market azokan edo Argentinan berriki egin den FIT azokan parte hartuz, Euskadiren irudia nazioartean erakusten dugu, eta hainbesteko aniztasuna duen helmuga baten berezitasunaren balioa nabarmentzen dugu”.

Euskadiren erakargarritasuna Erresuma Batuko merkatuan
Euskadi gero eta helmuga erakargarriagoa da Erresuma Batuko turistarentzat. Azken sei urteotan turista britainiarren etorrera % 58 gehitu da, eta nazioarteko bigarren merkaturik garrantzitsuen bihurtu da. 2017ko hil hauetan Britainiako 80.000 turista baino gehiago etorri da Euskadira, aurreko urtean baino % 3 gehiago —urte osoan 114.000 sarrera izan zen—.
Horri gehitu behar diogu Erresuma Batuaren eta Euskadiren arteko konektagarritasun ona, asko errazten baitu bisitarien etorrera. Egunean bi hegaldik lotzen dute Bilbao eta Heathrow, egunean hegaldi batek lotzen du Gatwick-ekin, eta Bilbaotik eta Biarritzetik hainbat hegaldi dago egunean Stansted-era. Era berean, Bilbao konektatuta dago Manchesterrekin eta Edinburgorekin, eta, horrez gain, ferry bidezko itsas konektagarritasuna dugu.

 

Buscador

Lege-oharraHarremanaDeskargakBeste webgune batzukBerriakEgutegia