• KONEKTIBITATEA
British Airways eta The Wine Flyer Euskadira iritsi dira goi-mailako esperientzia enogastronomiko bat bizitzera
Joan den asteburuan, maiatzaren 16tik 18ra, Euskadik British Airways-ek sustatutako bezero-fidelizazio ekimen aitzindari bat hartu du. Aire-konpainia britainiarrak gure lurraldea hautatu du The Wine Flyer esklusiboko kideentzat lehen helmuga enogastronomiko gisa. Klub hau ardoarekiko pasioa duten bidaiariek osatzen dute.

British Airways-ek Cityflyer zerbitzuaren bidez dihardu Hondarribiko aireportuan – Donostiako aireportu izenez ere ezaguna – eta gaur egun bi helmuga estrategikorekin konektatzen du: Edinburgo eta London City.
Bi ibilbideek bilakaera oso positiboa izaten ari dute, eta erosketa-ahalmen handiko eta kalitatezko esperientzien bila dabiltzan bidaiariak erakartzen dituzte. Bereziki azpimarratzekoa da London Cityrekin dagoen lotura: historikoki negozio-bezeroari lotua egon den arren, gero eta gehiago erakartzen ditu aisialdi-premium bidaiariak. Lotura estrategiko honek aukera ematen du interes bereziko bisitariak Euskadira erakartzeko.
Bidaiaren baitan, British Airways-eko bezero onenek eta hedabide espezializatuek parte hartu zuten, Donostia eta Arabako Errioxako helmugak barne hartzen dituen egonaldi batean, lurraldearen bikaintasun enogastronomikoan oinarritutako programari esker. Parte-hartzaileek gure upategi adierazgarrienetako batzuk bisitatzeko eta Euskadi nazioarteko erreferente bihurtu duen gastronomia aberatsa dastatzeko aukera izan dute.
Ekimenak Ortzibia-ren babesa jaso du – Hondarribiko aireportuaren sustapen elkartea, Gipuzkoako Ganberaren baitakoa – eta hainbat euskal erakunderen lankidetza izan du: Donostiako Turismo Bulegoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Basquetour, besteak beste. Lankidetza publiko-pribatu honek aire-konektibitatea hobetzeko, Euskadi kalitatezko turismo-helmuga gisa sustatzeko eta Erresuma Batuko merkatua indartzeko konpromiso partekatua islatzen du; izan ere, merkatu estrategikoa da guretzat.
Bisita hau urte osoan zehar hiru aireportuetako sustapen-sozietateekin eta AENArekin elkarlanean garatzen ari garen estrategia globalaren parte da, Euskadiko aire-konektibitatea indartzea helburu duena.