• EKOTURISMOA
Ekoturismo III. Foroak irmotu egin du Vitoria-Gasteiz egoitza iraunkor gisa
" Green Capital hiriburua berriro izan da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Vitoria-Gasteizko Udalarekin lankidetzan antolatutako Ekoturismo Foroaren eszenatokia. " Urtarrilaren 29an eta 30ean ekoturismoaren eremuko adituak bilduko ditu Foroak eta Asturias izango da Erkidego gonbidatua.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak inauguratu du Euskadiko Ekoturismo III. Foroa, Asturiasko Turismoko sailburuorde Graciela Blancorekin eta Gasteizko alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarriarekin batera.
Sailburuak azaldu duenez, turismo aktiboa eta arduratsua bultzatzeko borondatearekin sortu zen Foroa, baita apustu egiteko ere “Euskadirako ekoturismo globalago bat lortzeko estrategiaren alde, baliabideak bateratuz, instituzioen eta agenteen lankidetzaren bitartez”.
Horren erakusgarri dugu Euskadiko ekoturismo-sarea, Turismoaren Euskal Agentziatik koordinatua, eta barnean hartzen dituena Gobernuko sail desberdinak (Turismoa eta Ingurumena-IHOBE), Geogarapeneko ordezkariak (Geoparkea), aldundietakoak (parke naturalak), Vitoria-Gasteizko Udala Salburuako Interpretazio Zentroarekin, Gatz Haranarekin, Leitzarango Zentroarekin eta Goierri, Durangaldea eta Gorbeialdea eskualdeekin.
Gainera, Sonia Pérez Ezquerrak gogora ekarri duenez, joan den urtean sinatu zen lehenengo lankidetza-hitzarmena Espainiako Ekoturismo Elkartearekin, helburutzat hartuta oinarri sendo batzuk garatzea, euskarri izango direnak Euskadi helmugako ekoturismoarentzat, baterako estrategia batekin lerrokatuta.
Ekoturismoak lagundu egiten du turismoa lurralde osotik banatzen, desestazionalizazioan eta egonaldia luzatzen. “Eszenatoki horretan, non gure hiriak diren Euskadi bisitatzeko turisten lehenengo motibazioa, gure politikek lagundu egin behar dute fluxu gutxien jasotzen duten eremuak, barrualdeko turismoa eta gutxien ezagutzen diren baliabideak bultzatzen” nabarmendu du sailburuak.
Gainera, ekoturismoa bidaia berezi baten xede izan daiteke, “kulturaren eta hirien eskaintzaren osagarri hobezina izan daiteke gurea bezalako lurralde batean, kontuan hartuta distantziak oso motzak direla eta, horrela, luzatu egin daiteke egonaldia”.
Azken batean, amaitu du sailburuak esanez “ekoturismoak garatzen duen turismoa lotuta dago natura gozatzearekin, ezagutzearekin eta kontserbatzearekin; hartu eta sentsibilizatu egiten du bidaiaria eta lagundu egiten du ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunean, eta tokiko ekonomiaren garapenean”.