Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   EUSKAL SEKTOREA

GOITUR, Goierriko turismoa kudeatzen duen erakundeak 20 urte bete ditu

" Basquetourreko zuzendari Daniel Solanak GOITURek egindako lan bikaina eta erakundeen arteko lankidetza azpimarratu ditu

1 / 2
  1. urte honetan 25 urte betetzen dira Goierriko Garapen Turistikorako Egitasmoa landu zenetik: Euskadiko eskualde bateko lehen Egitasmo Turistikoa izan zen Goierrikoa; mugarri garrantzitsu honi gehituz, 20 urte bete dira GOITUR sortu zenetik, hau ere, ekimen publiko eta pribatua batzen dituen Euskadiko lehen erakundea.

Goierriko industria turistikoa eraikitzen jarraitzen dugu, enpresa turistikoak geroz eta lehiakorragoak izan daitezen bultzatuz, produktu turistikoak sendotuz edo berriak sortuz, eta Goierri etengabe promozionatuz, urteetan eginiko inbertsioak berriro ere eskualdera itzul daitezen eta goierritartasuna kanpoan zabal dezagun.

GOITUR, Goierri Turismoa S.L., 2000. urteko martxoaren 22an sortu zen bazkide guztien sinadurarekin batera; 1995. urtetik aurrera martxan zegoen jada Goierriko garapen turistikoa, urte horretan landu baitzen Goierriko Garapen Turistikorako Egitasmoa; aurten, beraz, Goierrin turismoa hasi zeneko 25. urteurrena ospatzen dugu eta 20.a GOITUR sortu zenekoa.

Goierriko garapen turistikorako egitasmo horretan, GOITUR sortzearen beharra ikusten zen, ekimen pribatua bertan txertatu, eta erakunde publikoekin batera, garapen turistikorako elementu garrantzitsutzat jotzen zelako. Pixkanaka, eta eguneroko lan ildoak garatzen jarraitzearekin batera, pribatuekin harremanetan jarri ginen bilera desberdinak antolatuz: denok batera joateko beharra ikusi zen eta horrela jaio zen GOITUR, 18 Udalerri eta 104 enpresa pribatuen arteko elkarlana.

Hasiera guztiak bezala ez zen lan erreza izan: turismoa oso hasi berritan zegoen Euskadin, promoziorako tresna gutxi genituen eta promozionatu behar genituen produktu turistikoak landu gabe zeuden gehienak; erronka handia genuen aurretik eta horretan aritu gara buru belarri azken 20 urte hauetan. Laburpena egitea oso zaila da eta kasu askotan bezala, eskualdeko komunikabide desberdinetako albistetan dago jasota Goierriko turismoaren eboluzio guztia; gaur egungo egitasmoari jarraituz, hona hemen aipamen bezala, arlo bakoitzean eman den garapena:

- Lehiakortasuna: hasierako urtetan dinamizazio turistikorako egitasmoak zirenak, gaur egun, lehiakortasun turistikorako egitasmo bihurtu dira. 2006. urtera arte GOITUR-en barruan ez zegoen atal hau; urte horretan hasi ginen lanean kalitatearen gaiarekin, eta ondoren etorri ziren, irisgarritasuna eta berrikuntza bezalako gaiak. Kalitatearen arloan adibidez, eta eskualdeko zerbitzu turistiko desberdinei dagokionez, ia GOITUR-eko % 100ak kalitateko prozesuetatik pasa dira eta Euskadin aintzindariak izan gara arlo hauetan: kalitatea, berrikuntza eta irisgarritasunari dagozkien Eusko Jaurlaritzaren plan pilotu guztiak Goierrin jarri dira martxan; gaur egun, kalitatea, ekoetiketa europearra eta irisgarritasuna bezalako gaietan, talde desberdinak ditugu lanean. 1996an 174 ohe genituen eskualdean, gaur egun, oso ohe gutxi falta zaizkigu 1000 zenbakira iristeko.

- Produktu turistikoak: lehen urte haietan Zeraingo museo etnografikoa, Zumalakarregi museoa eta senderismoko ibilbide batzuk genituen ardatz bezala. Gaur egun, hiru produktu multzo ditugu bakoitza bere izenarekin eta bere barnean hainbat produktu turistiko dituzte, denen artean Goierriko ekosistema turistikoa osatzen dutelarik: gastronomia “Idiazabal Lurraldea”, natura “Basque Highlands” eta kultura “Euskadiko Bihotza”. Goierri eskualdea, destino turistiko bezala saltzetik, publiko desberdinetara zuzenduriko produktu turistiko anitzak saltzera pasa gara: geroz eta aldakorragoa den merkatu turistikoari

zuzendu gatzaizkio. Esku artean darabiltzagun produktu turistikoen artean honako hauek daude: turismo gastronomikoa, natura turismoa-ekoturismoa, turismo aktiboa, familia turismoa, kultura turismoa, turismo industriala, MICE-teknoturismoa, kirola turismoa eta touring-a; eta produktu turistiko hauetatik eratorritako pakete turistikoak dinamizatu ahal izateko, hainbat zerbitzu turistikorako enpresa sortu dira eskualdean.

- Promozioa eta komertzializazioa: hasiera hasieran komertzializazio hitza ez zen ageri eta diseinurik gabeko informazio turistikorako triptiko xume bat genuen. Gurea izan zen katalanez eginiko Euskadiko lehen gida; autokarabana bat diseinatu eta Euskal Herriko azoka desberdinetan informazio turistikoa banatzen hasi ginen, triptikoari diseinua sartu genion, zerbitzu turistikorako gida berri bat atera genuen gure bazkide guztiekin, lehen turismo bulego edo informazio puntuak zabaldu genituen, azoka turistikoetara joaten hasi ginen, marka turistikoa sortu genuen, web orrialde bat,… Gaur egun, publizitatea ia desagertu egin da ohiko kontzeptuarekin behintzat, eta gure erronkarik nagusiena “Goierri digitala” egitasmoa da komertzializazioarekin batera: Euskadiko eta nazioarteko errezeptibo eta touroperatzaileekin etengabeko harremanetan gaude Goierri “saltzeko” helburuarekin, eta turista edo bisitarien zalantzak eta kezkak argitu asmoz, Goierriko “call center”ak etengabeko informazioa ematen du urteko egun guztietan. Azkenik, esan, 20 urte luze hauetan jorratutako dinamikari esker, 2015ean Europear Komisioak EDEN saria eman zigula eta Europako Destino Turistiko Jasangarriaren izendapena jaso genuela.

Baino urte guzti hauetako ibilbidean zehar eginiko aposturik haundiena eta hoberena GOITUR osatzen duten pertsonekin harremanetan egotea eta hauetan sinistea izan da, GOITUR-entzat hauxe izan da lehengairik nagusiena, pertsonak: kazetariak, langileak, bazkide pribatuak, Alkateak, Zinegotziak, erakunde desberdinetako ordezkariak, diseinatzaileak, hainbat eta hainbat lagun eta ezagun. Hau da gure industria turistikoaren balio erantsia: aipaturiko guzti hauek Goierriko Turismoaren partaide dira betirako.

Azkenik, eskerrak ematea besterik ez da falta: eskerrak Goierriko turismoan sinistu duzuen guztioi, eta gaur egungo GOITUR (Goierri Turismoa) egiten duzuenoi batez ere, hau da, bazkide pribatu, Udaletxe, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari.

Prentsaurreko honen bitartez, Goierriko turismoaren aldeko apostuak jarraitzen duela irudikatu nahi izan dugu gaur; Covid 19aren ondorioz, gaur egun turismo sektoreak bizi duen egoera zail honetan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Goierriko sektore turistikoa indartzea, gure ekosistema turistikoa osatzen duten enpresen alboan egotea, Goierri eskualdea promozionatzea, eta duela 25 urte bezala, eskualdeko ekonomia dibertsifikatzea turismoaren bidez. Goierriko industria turistikoak aurrera darrai!

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30