Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   FITUR

Jasangarritasuna eta berrikuntza Euskadiren standaren ardatz FITURen

Euskadik eskaintza askotarikoaren aldeko apustua erakutsiko du Fiturren, natura-turismoaren eta nazioartean aintzatetsitako gastronomiaren garrantziarekin

1 / 3

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Euskadik Fitur 2022an izango duen presentzia nolakoa izango den azaldu du gaur, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solanarekin batera. Nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenetako baten edizio hau Madrilen izango da urtarrilaren 19tik 23ra, eta Euskadik stand zabal bat izango du, euskal turismoak jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua erakusteko.

Sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela FITURera joatea, Euskaditik bertaratzen diren sektoreko enpresak eta profesionalak babesteko; oraingo honetan, 66 konfirmaziorekin, 2021eko ediziokoak baino gehiago dira. Horregatik, aurten standaren guztizko espazioa handitu egin da, 700 metrotik 900 metrora, eskatzen duten enpresa guztiak bertan egon daitezen eta erakusketa-guneak segurtasun-protokoloetara hobeto egokitzen direla bermatzeko.

“Funtsean”, laburbildu du sailburuak, “standa Euskadiren erakusleiho bihurtuko da aurten ere, eta bertan turismo-estrategiaren bi ardatz nagusiak nabarmenduko ditugu: jjasangarritasuna eta berrikuntza. Diseinu berriko stand bat da, memoria industriala gordetzen duen Euskadi baten irudia gogora ekarri nahi duena, denboran zehar eboluzionatu duena eta gastronomia eta eskaintza turistikoaren aniztasuna erdigunean jartzen dituena, naturaren garrantzi handiarekin batera”.

Hala, standak industriaren eta naturaren ardatz egituratzaile hori irudikatzen du, eta horri berrikuntza gehitzen zaio, aurrera begiratzen duen lurralde bat sortzeko. Diseinuak hiru termino hauek konbinatzen ditu: Industria, egitura metalikoak erabilita, gabioen eta saski metalikoen formarekin. Natura, zuhaitzak, landaredia eta zurezko akaberak barne, euskal mendiak eta haranak aditzera emanez. Eta berrikuntza, tunel sentsorialean, standaren sarreran, itxuratua; hala, sarbide murgiltzaile bat izango dugu, Euskadik irudi, odorama eta soinuei esker transmititzen dituen usain, kolore eta sentsazioetara apur bat gehiago hurbiltzeko.

“Tunelak esperientzia turistikoa bultzatu nahi du, eta turismoko estrategian berrikuntzaren alde egin dugun apustua sinbolizatzen du. Estrategia hori Adimen Turistikoko Sistemen eta lanean ari garen Helmuga Turistiko Adimenduneko programen alde egiten dugun apustuan islatzen da. Programa horietan aitzindariak gara Autonomia Erkidego gisa, eta gure helmugak aterki horren pean koordinatzen ditugu. Eta, azkenik, jasangarritasunak ere isla izango du standaren kontzepzioan bertan, bolumen handiak sortzeko aukera ematen duen materialari esker; % 100ean birzikla daiteke, gainera”.

Sailburuak azaldu duenez, helburua da “eskaintza zabalean eta gastronomian oinarritutako helmuga seguru, aberats eta askotarikoaren irudi hori sustatzen jarraitzea. Edizio honetan, sukaldaritza-gunea izango dugu berriro, Euskadiko gastronomian arreta jartzeko, turismoa erakartzeko elementu garrantzitsua baita. Horretarako, IFEMAk eskatzen dituen neurriez gain, Euskadiko standaren tabernara zabalduko ditugu gaur egun Euskadiko ostalaritzarako jasotzen diren neurri guztiak”.

Euskadiren standean, halaber, hainbat ekimen eta produktu aurkezteko aukera izango da. Eusko Jaurlaritzak sustatutako aurkezpenez gain, lurraldeen, aldundien, udalen, eskualdeen eta elkarteen proiektuak azokako bisitariei hurbiltzeko aukera emango da.

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30