• FAMILIA TURISMOA
Basquetourrek Turismoa Familian estrategia birdefinitu du
Kode etikoa, familia-tipologiaren aniztasuna, nerabeek familia bisitarietan duten pisu gero eta handiagoa, digitalizazioa, Euskadi slow ibilbide gisa, eta emozioetan, esperientzietan eta balioen eskolan oinarritutako turismoa dira, Euskadi familia-turismorako helmuga gisa sustatzeko eta merkaturatzeko estrategia berriaren ezaugarri nagusiak. Horretarako, irudi berria eta komunikazio-euskarri berriak aurkezten ditu.

Atzo, Euskadiko Familia Turismoaren III. jardunaldia ospatu zen Santurtziko Serantes Antzokian, Basquetourrek antolatuta. Bertan, sektoreko aditu eta profesionalak bildu ziren, baita familia-plangintzan aditua den pedagogo bat eta Hirukide eta Naizen elkarteen ordezkariak ere. Ekitaldira baliabide turistiko publiko eta pribatuak zein familia-turismoan espezializatutako enpresak bertaratu ziren, igorleak zein hartzaileak. Jardunaldian, Euskadira datozen familien profila edo profilak, haien plangintza-prozesuak eta erabaki-hartzeak, gustuak, beharrak eta etorkizuneko joerak bezalako gaiak landu ziren.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eman zion hasiera ekitaldiari, eta familia-turismoa garrantzitsua dela adierazi zuen, ez bakarrik turismo-industrian duen eragin ekonomikoagatik, baizik eta "adingabeek, beren familiekin bidaiatzen dutenean, etorkizuneko turista arduratsuak izaten ikasten dutelako". Jasangarritasuna, aniztasunarekiko errespetua eta ondare kultural eta lokalaren balioa oinarri izango dituzten turistak, hain zuzen.
Azken finean, Euskadik bere kode etikoaren alde egiten du. Datuek erakusten dute adingabeak dituzten familia-taldeen artean gehienek 13 eta 18 urte bitarteko nerabeak barne hartzen dituztela. Horregatik, Basquetourrek beharrezkotzat jo du estrategia errealitate horretara egokitzea. Ildo horretan, Basquetourreko zuzendari nagusiak, Daniel Solanak, Euskadik 2015etik aurrera Familia Turismoaren inguruan egindako lana nabarmendu zuen. 2021ean, Euskadi Familia Turismoaren Zigiluaren ziurtagiria jaso zuen lehen autonomia-erkidegoa izan zen, Espainiako Familia Ugarien Federazioak emana. 2024an, berriz, Basquetourrek Espainiako Familia Ugarien Federazioaren (FEFN) saria jaso zuen, familientzako turismoa bultzatzeko egindako lanagatik eta familia ugariekin duen konpromisoagatik.
Erabakiak hartzeko datu esanguratsuak
Jardunaldietan IBILTUR Aisia 2023 azken azterlanetik ateratako datu batzuk aurkeztu ziren, eta horiek Euskadiko turismo-behatokiaren orrian kontsulta daitezke. Datu esanguratsuen artean, bisitari diren familien adingabeen adina nabarmentzen da, eta nerabeen ehunekoa altua dela azpimarratzen da.
Familia gehienak Alemania, Frantzia eta Beneluxetik datoz, eta haien motibazio nagusiak, gastronomia, hiriko eta kultura-turismoa, ibilbide turistikoak, kostaldeko turismoa, turismo aktiboa, naturan atseden hartzea, ikuskizunak eta aisialdi-ekitaldiak dira. Batez besteko egonaldia 4,7 egunekoa da. Gainera, Euskadirako fidelizazio- eta gomendio-tasak altuak dira. https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismo-euskal-behatokia/
Familiek oporretarako helmugak aukeratzeko erabakiak hartzerakoan, gurasoen %49ak adierazi dute seme-alaben iritzia erabakigarria dela. Horregatik, garrantzitsua da Euskadiko eskaintza turistikoa adin-tarte horren behar eta gustuetara egokitzea. IAB SPAIN (Espainiako publizitate-agentzien elkartea) egindako azterlanak 15 eta 25 urte bitarteko pertsonek zer nahi duten eta nola pentsatzen duten azaltzen duten datuak eskaintzen ditu.
Kontuan hartu beharreko beste berrikuntza bat familia-aniztasunaren hazkundea da. Familia tradizionalak oraindik ere pisu handiena du familia-turismoaren segmentuan (%60), baina beste %40 aniztasun handiko familiek osatzen dute: aiton-amonak bilobekin, PANK (Professional Aunt No Kids, ekonomikoki independenteak diren eta seme-alabarik ez duten emakumeak, ilobekin bidaiatzen dutenak), edo LGTBIQ+ familiak. Horregatik, ezinbestekoa da turismo-sektoreko enpresek errealitate horiek guztiak kontuan hartzea eta haien eskaintza egokitzea.
Ildo horretan, Euskadik zortea du, izan ere familiek helmuga turistiko batean aurkitu nahi dituzten hainbat irizpide betetzen baititu, familiako kide guztien beharrak asetuz eta familia mota guztientzat leku segurua izanez. Horretarako, produktuaren irudia berritu da; orain Turismoa Familian da, eta irudia, komunikazio-kodeak eta kanalak errealitate berri honetara egokitu dira.
Ekitaldian, Leticia Garcés pedagogoak ere parte hartu zuen, eta nerabe baten garunak nola funtzionatzen duen azaldu zuen, bai eta familia bidaiak haien hazkundean izan dezakeen eragina azpimarratu. Azkenik, mahai-inguru bat egin zen, eta bertan parte hartu zuten honako elkarteen ordezkariek: Naizen, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako adingabe transexualen familien elkartea; Hirukide, Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioa; Eduardo Pascual, Planeta40-ko CEOa, familientzako natura bidaietan espezializatutako agentzia; Marta Borrachero, Bolleras Viajeras-eko ordezkaria, emakume lesbiana, trans eta LGTBI pertsonei zuzendutako bidaietan espezializatutako agentzia (seme-alabekin edo gabe); Carlo Carbone, Visit Berlín agentzia publikoaren ordezkaria; eta Egoitz Arbe, Bilboko Itxas Museo-koa.
Hitzaldia eman zuten pertsonek hainbat gako eskaini zituzten, ekitaldian parte hartu zuten enpresak beren bezero potentzialen profil-aniztasunera egokitu ahal izateko. Adibidez, Bea Servesek (Naizen) eta Marta Borracherok (Bolleras Viajeras) azpimarratu zuten LGTBIQ+ komunitatearentzako helmuga seguruak sortzearen garrantzia. Adibide gisa, aipatu zuten batzuetan LGTBIQ+ friendly etiketa bat jartzeak kolektiboko pertsonak askoz babestuago sentitzea ekar dezakeela.
Azkenik, familia turismoaren etorkizuneko joerei buruzko ondorio batzuk atera ziren: bidaiak, kontsumitzeko baino, ikasteko izatea; natura eta animaliak askatasunean egotea balio gorakorrak direla; gastronomia; bidaia motelago egitea eta esperientziaz disfrutatuz, ekintzaz baino gehiago; eta Euskadi eta Espainiako iparraldea klima-aldaketaren ondorioz helmuga erakargarriagoa direla.