• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Euskadi Basque Country - Confidential bigarren aldiz Australiako ETG azokan
Otsailaren 11tik 13ra, Euskadi Basque Country - Confidential berriro izango da Australiako ETG (Entire Travel Group) ekitaldian, Sidney, Melbourne eta Brisbane hirietan ospatzen den turismo-sektoreko hitzordu garrantzitsua. Parte-hartze honek helmugaren nazioarteko sustapen-estrategia indartzen du, bere turismo-eskaintza bereizia eta neurrira egindakoa Australiako operadore nagusienengana hurbilduz.

ETG -k 750 bidaia-agente inguru bilduko ditu, horietako asko VIRTUOSO sare ospetsuko kideak, arreta handiz diseinatutako bidaia-esperientzietan espezializatutako agentzien partzuergoa. Sarea, autentikotasuna eta zerbitzuaren bikaintasuna ardatz dituen turismo-eskaintzan oinarritzen da.
Euskadirekin batera, Katalunia, Turespaña eta Suitza, Frantzia eta Austria bezalako Europako helmugak ere izango dira bertan, Europak duen erakargarritasuna indartuz.
Euskadi Basque Country - Confidential-ek plataforma hau aprobetxatuko du bere nortasuna nabarmentzeko. Kultura, gastronomia eta paisaiak uztartuko ditu, helmugarekin harreman benetakoagoa eta sakonagoa nahi duten bidaiarientzat.
Euskal gastronomiaren aberastasunari keinu eginez, workshop bakoitzaren ondoren, bertaratutako eragileen artean euskal produktu gastronomikoen saski bat zozketatuko da, profesionalei helmugaren zaporea eta nortasuna helarazteko.
Australiako ETGko bigarren parte-hartze honekin, Euskadik ibilbide luzeko merkatuetan duen posizionamendua sendotzen jarraitzen du, kalitatean eta esperientzia ahaztezinetan oinarritutako turismoaren alde eginez.