• GASTRONOMIA
Euskadi Gastronomikak Turismo Gastronomikoaren Sariak abiarazi ditu
" Euskadin bikaintasun gastronomikoa eta turistikoa sustatzen duten enpresa eta profesionalen talentua, berrikuntza eta konpromisoa aitortzeko
Euskadi Gastronomikak, 550 enpresa eta profesional baino gehiagok osatutako sareak, "Euskadi Gastronomika Sariak" sortu ditu. Ekimen berri horren helburua sare hori osatzen duten enpresa, entitate eta profesionalen lana aitortzea da. Sari horiek Euskadin turismo gastronomikoa garatzen eta indartzen lagundu duten jardunbide onenak nabarmentzen dituzte. Euskadi mundu osoan gehien estimatzen den helmugetako bat da.
Euskadi Gastronomika sarearen balioak eguneroko lanaren bidez sustatzen dituzten enpresei eta profesionalei errekonozimendu publikoa emateko beharretik sortu dira sari horiek. Sarearen balioak honakoak dira: zerbitzuaren bikaintasuna, kalitatea, benetakotasuna eta jasangarritasuna turismo gastronomikoaren esparruan.
Deialdiaren hasiera eta datak
Lehenengo edizio honetarako hautagaitzak 2025eko urtarrilaren 13tik 2025eko martxoaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira. Inskripzioak Euskadi Gastronomikaren webgune ofizialean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez egingo dira, eta sei kategoriatako proiektuak aurkeztu ahal izango dira, berrikuntza, jasangarritasuna, sustapena, eragileen arteko lankidetza eta bezeroarentzako arreta bezalako alderdiak barnean hartuta.
Parte hartzeko aukera zabala eskaintzen dute sei kategoriek. Hala nola, barne hartzen dituzte bisitariaren esperientzia hobetzeko teknologia erabiltzen duten proiektuak, turismo arduratsu eta jasangarria bultzatzen duten ekimenak eta turismo gastronomikoaren sustapena.
Ekimenari "Euskadi Gastronomika FESTA" ekitaldiak emango dio amaiera 2025eko maiatzaren 19an, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Bertan, irabazleak ezagutaraziko dira eta Euskadiko talentu gastronomikoa ospatuko da, sektoreko eragile nagusiak bilduko dituen gala batean.
Sariak eta errekonozimendua
Irabazleek, sari pertsonalizatua jasotzeaz gain, sustapen- eta komunikazio-plan bat ere lortuko dute, hedabide espezializatuen eta Euskadiko eta Euskadi Gastronomikako turismo-kanal ofizialen bidez, eta horrek ikusgarritasun handia bermatuko die.
Saria jasotzen dutenek beren establezimendua eta/edo jarduera sustatzeko argazki- eta bideo-erreportaje profesional bat eskuratuko dute, Basquetourren 2025eko komunikazio- eta publizitate-bitartekoen eta kanpainen planean parte hartuko dute, bai eta operadore turistikoentzat eta bidaia-agentzientzat diseinatutako ezagutza-bidaietan ere (Fam trips). Horrela, bertatik bertara ezagutuko dituzte saritutako esperientziak.
Epaimahaia
Turismoaren, gastronomiaren, jatetxeen, berrikuntzaren, komunikazioaren, marketinaren eta kulturaren arloetako profesionalek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzako ordezkariek osatutako epaimahai aditu batek objektiboki eta zorroztasun teknikoz baloratuko ditu jasotako proposamenak.
Zer da Euskadi Gastronomika?
Euskadi Gastronomika Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak bultzatutako sare bat da, eta Euskadiko turismo gastronomikoaren eskaintzaren egiazkotasuna eta bikaintasuna antolatzea eta bermatzea du helburu.
Euskal kultura gastronomikoaren balioekin konprometitutako enpresek, profesionalek eta erakundeek osatzen dute sarea, eta zerbitzuaren kalitatearen eta bikaintasunaren filosofia komun baten pean lan egiten dute. Euskadi Gastronomikaren parte izateak onura ugari eskaintzen ditu: baterako sustapenetik eta nazioarteko ikusgarritasunetik hasi eta sektoreko beste eragile batzuekin sinergiak sortzeraino. Horri esker, enpresak erreferente izan daitezke mundu mailako helmuga gastronomiko ospetsuenetako batean.
Aprobetxatu aukera hau
Zure proiektuak sari horietako bat merezi duela uste baduzu, baina Euskadi Gastronomika sarearen parte ez bazara, garaiz zaude oraindik.
- Erraz-erraz bat egin Euskadi Gastronomikarekin euskadigastronomika.eus webguneko “NOR GARA?” atalean.
- Eskaera onartu ondoren, bidali inprimakia zure proiektuari dagokion kategorian.
Informazio gehiago
Kontaktua: premios@euskadigastronomika.eus
Webgunea: https://euskadigastronomika.eus/eu/sariak
Telefonoa: +34 945 12 14 03