• GASTRONOMIA
Euskadik Repsol Gidako ehun Eguzkitik gora ditu, nazioartean ospea duen bertako gastronomiaren kalitateari esker
Zerrendan lehen aldiz agertzen direnekin, Euskadik guztira 101 Eguzki ditu 66 jatetxe saridunetan: 9 Hiru Eguzkirekin, 17 Bi Eguzkirekin eta 40 Eguzki Batekin.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Repsol Gidako Eguzkiak banatzeko IV. ekitaldian parte hartu du gaur. Ekitaldia Euskadin egin da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Repsol Gidaren elkarlanari esker. Ekitaldian Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak ere esku hartu du.
Gaur ezagutu dira Euskadira iritsi diren Repsol Gidako Eguzki berriak, eta horiekin Euskadik 101 Eguzki ditu 66 jatetxetan. Lehen aldiz Eguzki Bat jaso dute Gipuzkoako ‘Ama’ eta ‘Narru’ jatetxeek; Bizkaiko ‘Gotzon’, ‘Jauregibarria’, ‘La despensa de Etxanobe’ eta ‘Remenetxe’ jatetxeek; eta Arabako ‘Kea’ jatetxeak.
Gaurtik aurrera, Repsol Gidako Bi Eguzki jaso duten beste bi jatetxe ditu Euskadik: ‘Arrea!’, Kanpezun (Araba); eta ‘Katxiña Upategia’, Orion (Gipuzkoa). Horiekin guztiekin, Euskadik guztira 66 jatetxe ditu Repsol Gidaren zerrendan: 9 Hiru Eguzkirekin, 17 Bi Eguzkirekin eta 40 Eguzki Batekin.
Sailburuak azaldu du Euskadiren bereizgarri izateaz gain, gastronomia industria bat dela Euskadin. “Azken 2 mendeetan, Euskadiren ezaugarri nagusia bertako industria garrantzitsua izan da, bertako biztanleen bilakaera markatu baitu, gaur egungo askotariko gizarte heterogeneoa eratu arte. Eta prozesu horretan, gastronomia beti egon da orainari lotuta, eta gero eta garrantzi handiagoa hartu du, batik bat turismoaren gorakadarekin. Turismoak eta gastronomiak Euskadin duten lotura intrintsekoa agerikoa da, gastronomia bihurtu baita turistek gu bisitatzeko lehen motibazio”.
Hori dela eta, sailburuak Repsol gidarekin egindako itunaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: “gastronomiak gizarte baten eraikuntzan eta lurraldearen trakzio-efektuan duen funtsezko zeregina ikusten jakin dute. Eta Euskadin topatu dute ideia hori ezin hobe gauzatzen duen gunea eta balio horien alde egiten duen gunea”.
Horregatik, beste behin ere, Donostian eta Euskadin “hitz egingo da hizkuntzarik unibertsalena, gastronomiaren hizkuntza. Guztiok batzen gaituena eta oroitzen eta sentitzen laguntzen diguna. Hizkuntza bera, kultura bera edo ideologia bera erabili gabe ere, elkarri ulertarazten diguna. Gastronomiaren aniztasunak, aberastasunak eta aukera mugagabeak eta Euskadin egunero tradizioa eta abangoardia uztartzeko bidean ezinbestekoa den esperimentazioak bihurtzen du gastronomia hizkuntza unibertsal”, aditzera eman du Hurtado sailburuak.