• ERAKUNDEEN ARTEKO LANKIDETZA
Javier Hurtado sailburuak eta Enkarturren lehendakariak sinatu duten hitzarmenaren arabera, Enkarterrik 1,8 milioi jasoko ditu Eusko Jaurlaritzatik bertako turismo-aktiboak sustatzeko
" Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Ángela Egia Enkarturren lehendakari eta Gordexolako alkateak Lehentasunez Jarduteko Eremuetako (LJE) turismo-aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko planean jasotako akordioa sinatu dute
Gaur sinatu dute Enkarturrek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak aktibo turistikoak bultzatzeko eta balorizatzeko hitzarmena. Hitzarmena biltzen da Lehentasunez Jarduteko Eremuetako aktibo turistikoen planean, eta plan hori Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren 6,5 milioi euroko ezohiko ekarpenarekin egikarituko da. Horren bidez, zenbait udalerritan eta eskualdetan turismo-jarduketak gara daitezen lortu nahi da, turismoaren arloko trakzio-proiektuen bidez ekonomia eta enplegua susper daitezen.
Sailburuak azaldu duenez “Eusko Jaurlaritza jabetzen da lurralde bakoitzak, eskualde bakoitzak eta udalerri bakoitzak berezko ezaugarriak dituela, eta horietako helmugak sustatzeko proiektuetarako eman diezaiekegun laguntzaren premia dutela. Hitzarmen hau apustu horretan sartzen da”.
Sailburuak nabarmendu duenez, erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa “ezinbestekoa da, eta gaur sinatu duguna bezalako proiektuei esker aurrera egiten jarraitzeko, lurralde gisa, herrialde gisa, Europar Batasun gisa, hazten jarraitzeko bidea ere izango da”.
Sailak garatutako Lehentasunez Jarduteko Eremuetako aktibo turistikoen planari esker, turismo-jarduketak jarriko dira abian zenbait udalerri eta eskualdetan. Enkarterrin helburua da aktibo kulturalak eta turistikoak hainbat ekintzarekin, besteak beste, autokarabanen aparkalekuen eskaintza areagotzearekin eta hobetzearekin lotzea, hain zuzen ere, gero eta ugariagoa den turista-mota hori erakartzeko; errealitate birtual areagotua ezartzea; eta Enkarterriko turismo-eskaintza kudeatzeko plataforma eta mugikortasun jasangarriko ekintzak abian jartzea. Mugikortasunarekin lotutako jarduketa horien ardatza bizikleta elektrikoak eta ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak dira, bai eta Bike & Walking proiektua ere, ibilbideak identifikatzeko, sustatzeko eta monitorizatzeko. Azkenik, Plan Estrategikoa garatzea sustatuko da ekitaldi berezietarako lurralde gisa.
Ekintza horiek garatzeko, Eusko Jaurlaritzaren 2021-2022rako Berpiztu Planeko 1,8 milioi inbertituko dira Enkarterrin.