• PROIEKTU BERRIAK
"Kutsidazu bidea Ixabel", ibilbide turistiko-kultural berria Hernialden
" Javier Hurtado sailburuak nabarmendu du ibilbide hau bezalako proiektuek laguntzen dutela familian turismoa eta jasangarritasuna sendotzen.

Gaur goizean inauguratu da Hernialden "Kutsidazu Bidea Ixabel" ibilbide turistiko-kultural berria, Tolosaldeko Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Planaren barruan.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak parte hartu du ektialdi honetan eta proiektu estrategikoak bultzatzeko erakundeen arteko koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia nabarmendu du: "Europako funtsen bidez finantzatutako proiektu honek erakusten du garrantzitsua dela elkarrekin lan egitea gure herri eta hirientzat onuragarri diren ekimenak aurrera ateratzeko".
Sailburuak Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planen eragina azpimarratu du. Plan horiei esker, Europako funtsetako 80 milioi euro baino gehiago inbertitu ahal izan dira Euskadin, eta hainbat motatako 34 proiektu finantzatu dira eskualde eta udalerrietan. Tolosaldeko Planari dagokionez, honako hau adierazi du: "Plan horrek, ia 2 milioi euroko inbertsioa eginda, hainbat ardatz eta ekintza biltzen ditu, eta horietako asko dagoeneko abian edo amaituta daude. Gaur inauguratu dugun turismo- eta kultura-ibilbide berria eduki oso familiarra duten beste sei ibilbideri gehitu zaie".
Ildo horretan, familiako turismoari balioa eman dio Euskadiko turismo-estrategiaren funtsezko elementu gisa: "Familiako turismoak urtarokotasuna txikiagotzen eta bisitarien lurralde-oreka areagotzen laguntzen du. Gainera, produktu turistiko bat baino gehiago da: familiarekin bidaiatzen dugunean, biharko bidaiarien oinarriak jartzen ari gara". Horregatik, azaldu duenez, Euskaditik "Ondo bidaiatzeko eskola" bultzatzen da: "Gure adingabeak hezteko erantzukizuna dugu, buru irekiko esploratzaile bihur daitezen, beren ingurunea balora dezaten eta turismo jasangarriagoa susta dezaten".
Era berean, nabarmendu du ibilbide horiek oinarrizko balioak transmititzen dituztela elkarbizitzarako eta tokiko kulturarekiko errespeturako: “Bisitariek jasangarritasunaren garrantzia ulertzea nahi dugu, tokikoa estimatzen eta benetakotasuna baloratzen ikastea. Balio horiek funtsezkoak dira herritarrekiko bizikidetzarako eta kalitatezko turismo arduratsua izateko".
Amaitzeko, ibilbidearen izenaren esanahia eta Joxean Sagastizabalen eleberrian inspiratu izana aipatu ditu: “Kutsidazu bidea Ixabel esaldiak dioen bezala, ibilbide honek bidea erakusten digu. Hizkuntza baten bidea, kultura batena, Euskadi beste ikuspegi batetik bisitatzeko eta gozatzeko moduarena".