• JASANGARRITASUN TURISTIKOA
500 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresuan
Bi jardunalditan zehar, sektoreko profesionalek, etorkizuneko talentuek eta herritarrek turismo-sektoreko jasangarritasun sozialari buruz eztabaidatu dute. Besteak beste, emakumezkoen lidergoa, turismo-sektoreko lan-baldintzak edo joera teknologiko berriak bezalako gai gakoak landu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatutako, eta Basquetourren laguntza izan duen, Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresua erabateko arrakasta izan da. Urriaren 13an eta 14an egin den biltzarrean, turismo-sektoreko profesionalak eta ikasleak bildu dira, eta baita publiko orokorra ere; guztira 500 pertsona baino gehiago bertaratu dira Euskadiko turismoaren erronkak eta aukerak aztertzeko.
Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egindako ekimena topagune izan da, turismoak garapen sozialaren eragile gisa betetzen duen rolaz hitz egiteko eta eredu ekitatibo, inklusibo eta arduratsuagoak sustatzeko. Bi egunotan, ezagutza eta jardunbide egokiak partekatu dira, eta konpromiso zehatzak proposatu dituzte jasangarritasun soziala turismo-plangintzan eta kudeaketan txertatzeko.
Lehenengo jardunaldia, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak inauguratua, turismo-arloko aditu nabarmenen parte-hartzearekin gauzatu zen. Turismo arloko profesionalak entzule zituztela, adituek emakumezkoen lidergoari, jasangarritasun sozialeko prestakuntza akademikoari eta sektoreko lan-baldintzen erronkei buruz aritu egin ziren. Hizlarietako bat, Daniel Solana, Basquetourreko zuzendaria izan zen; honek, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak funtsezko printzipiok azaldu zituen, industriaren jardueran balio etikoak txertatzearen garrantzia azpimarratuz.
Bigarren eguna, Etikoa Fest izenekoa, talentu gazteari eskaini zitzaion eta Jakes Aguirrezabalek, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak zabaldu zuen. Astearteko hitzaldietan gai gako ugari jorratu zituzten, hala nola, turismo-sektoreko segmentazioa; teknologia berritzaileak; ekintzailetza eta sorkuntza; eta enpresa-kultura eta talentuaren kudeaketa. Jardunaldi horrek helburu bikoitza zuen: Alde batetik, jasangarritasun sozialaren inguruan sentsibilizatzea, hiru alderdi nagusiak (herritarrak, turistak eta sektoreko langileak) kontuan hartuta. Bigarren helburua, berriz, enpresen jardunbide egokiak eta errealitateak turismo-sektoreko belaunaldi berrietara hurbiltzea izan da. Belaunaldi horiek hartuko dute lekukoa, eta funtsezko aliatuak dira helmuga arduratsu bat eraikitzeko lanak aurrera egin dezan.
Zer da Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresua?
Europar Batasuna – NextGeneration EU programak finantzatua, eta Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan, Jasangarritasun Sozial Turistikoari buruzko Kongresuaren helburua da, garapen sozialaren eragile den aldetik, turismoak betetzen duen rola indartzea, eredu ekitatibo, inklusibo eta arduratsuagoak sustatuta.
Eusko Jaurlaritzak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez bultzatutako ikuspegi estrategiko horren barruan sartzen da Kongresu hau. Euskadi 2030eko Turismo Arduratsuaren Estrategiarekin, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin eta turismoa eraldatzeko Europako politikekin bat eginik, jasangarritasuna indartzen duten aldetik.