• MEET BASQUE COUNTRY 2025
830 bilera baino gehiago hitzartu dira Meet Basque Country ekimenaren workshopean
Nazioarteko 50 turismo-operadorek Euskadiko turismo sektoreko 85 enpresarekin konektatu dute, esperientzia ugariz betetako aste batean helmuga ezagutu ondoren.
Azaroaren 14an, ostiralean, San Mames futbol-zelaia nazioarteko merkaturatze turistikoaren topagune nagusi bilakatu da. Basquetourrek antolatutako Meet Basque Country 2025 ekimenari amaiera biribila eman dio B2B jardunaldiak.
Bilboko kirol-gune nagusian nazioarteko 50 eragile eta operadore turistiko baino gehiago turismo-sektoreko euskal enpresa nabarmenekin elkartu dira, aldez aurretik adostutako bilerak egiteko. Helmuga bertatik bertara ezagutu dute nazioarteko profesionalek, aste osoan zehar antolatutako familiarizazio-bidaia tematikoen (fam trip) bidez. Ostiral honetako ekintzan, berriz, Euskadin beren zerbitzuak eskaintzen dituzten tokiko enpresekin harreman estrategikoak sendotzeko eta merkataritza-akordioak lotzeko aukera izan dute.
Burutu diren 830 bilera baino gehiagori esker, ekitaldia Euskadiko turismo-sektoreko B2B merkaturatze-topaketarik garrantzitsuena bezala finkatu da.
Jardunaldia 9:00etan hasi da, Daniel Solana Basquetourreko zuzendari nagusiak emandako ongietorri instituzionalarekin. Lan-bilerak egin ostean, Meet Basque Country 2025 ekimenaren unerik aipagarrienak jasotzen dituen bideo laburpen bat proiektatu da.