• FAM TRIP
Bi eduki-sortzaile mexikarrek Euskadi bisitatu dute Euskadi Basque Country Grand Tour sustatzeko
Irailaren 25etik 30era, Euskadi izan da bi "influencerren" helmuga, gure lurraldeko gastronomia, ondare naturala, ondare industriala, kultura eta paisaia sustatzeko helburuarekin.
Egun horietan zehar, Manu Espinosa eta J. Alfredo G. Vizcaínok Euskadiko turismo-baliabide nagusietako batzuk ezagutu zituzten, eta hainbat jarduera gastronomikoz eta bisita turistikoz gozatu zuten. Horrela, bost eguneko bidaia egin dute Euskadin, eta bidaia horren helburu nagusietako bat Euskadi Basque Country Grand Tour proiektua kokatzea izan da.
Irene Gómez Minubeko ordezkariak eta hainbat gidarik lagunduta, bikoteak Euskadiko interes turistiko handiko hainbat gune bisitatu zituen eta jarduera turistiko ugari egin zituen, esaterako: Bizkaiko Zubia; Getxo; Bakion dagoen Doniene Gorrondona upategiaren bisita; Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Bermeo eta Gernika arteko eremuan paseoa; Zumaian, Euskal Kostaldeko Geoparkea; Pasaia eta Albaola, Itsas Kultur Faktoria; Hondarribia; Donostia / San Sebastián eta bere erakargarri nagusiak; sagardoaren inguruko jarduera Adunako Aburuza sagardotegian eta ondorengo bazkaria; Gasteizen paseoa; Añanako Gatz Haraneko bisita gidatua; Marqués de Riscal upategiaren bisita eta bere “1860 Tradición” jatetxean bazkaria; eta Bilboko erakargarri nagusien bisita.
Bidaia hau Basquetour, Turismoaren Euskal Agentziak kudeatu zuen, Minuberen laguntzarekin, horrela Euskadi Basque Country marka Minube bidaietarako sare sozialaren erabiltzaileen artean kokatuz eta Euskadi Basque Country Grand Tour produktua gure lurraldearentzat oso interesgarria den merkatu batean, mexikarrenean, ezagutzera emanez.