• LEHIAKORTASUNA
Bilbo, UNE 178501 arauaren araberako Turismo Helmuga Adimendun (THA) ziurtagiria lortu duen Euskadiko lehen helmuga
Aitortza hori Turismo Helmuga Adimendunaren Kudeaketa Sistema ezartzeko prozesu zorrotz baten ondorioz lortu du Bizkaiko hiriburuak, eta Bilbao Ekintza eta Basquetour bera izan ditu sustatzaile eta bidelagun.
Bilbok mugarri garrantzitsua lortu berri du turismo-erreferente gisa sendotzeko bidean, izan ere, UNE 178501 ereduak arautzen duen Turismo Helmuga Adimendunaren (THA) ziurtagiria jaso duen Euskadiko lehen helmuga bihurtu baita. Aitortza hori Turismo Helmuga Adimendunaren Kudeaketa Sistema ezartzeko prozesu zorrotz baten ondorioz lortu du Bizkaiko hiriburuak, eta Bilbao Ekintza (Turismo Arloa) eta Basquetour bera izan ditu sustatzaile eta bidelagun.
Proiektua 2024ko urrian hasi zen aurkezpen-jardunaldi batekin, eta arrakasta handiarekin amaitu berri da, hilabeteetako elkarlanaren, diagnostikoaren, prozesuen egokitzapenaren eta konpromiso instituzionalaren ondoren. Bilbo jatorri sendo batetik abiatu zen, SEGITTURek kudeatutako Turismo Helmuga Adimendunen ereduan izandako ibilbide luzearen ondorioz, eta horrek erraztu egin du arauaren eskakizun berriak ezartzea.
Egindako ikuskaritzak hainbat puntu sendo azpimarratu ditu sistemaren ezarpenean: besteak beste, Basquetourren lankidetza eta aholkularitza espezializatua; Bilbao Ekintzako Zuzendaritzak prozesu osoan zehar izan duen inplikazio aktiboa; eta, aldez aurretik, Bilbo helmugak kalitate- eta ziurtapen-sistemetan izan duen esperientzia zabala.
Era berean, auditoria-txostenak Bilbok berrikuntzarekin, teknologiarekin, jasangarritasunarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duen konpromiso etengabea azpimarratzen du; horiek dira, hain justu, hiriak bere turismo-estrategian txertatu duen kudeaketa adimenduneko ereduaren funtsezko zutabeak.
Ziurtagiri horrek berresten du, beste behin ere, Bilbok pertsonengan oinarritutako turismo-eredu berritzaile eta jasangarriarekin duen konpromisoa; eredu honen oinarrizko helburua da garapen ekonomikoa egoiliarren eta bisitarien bizi-kalitatearekin orekatzea. UNE 178501 arauak Bilboren lidergoa indartzen du turismo adimendunaren arloan, eta, horrez gain, helmuga erreferente bihurtzen du hiri-turismoaren kudeaketa arduratsu eta teknologikoan, bai Estatuan baita nazioartean ere.