• LGTBIQ+
Euskadi Basque Country, Lisboako EuroPriden, LGTBIQ+ turismoarekiko konpromisoa sendotzen
Euskadi EuroPride 2025-en dago, LGTBIQ+ eskubideen aldeko Europako ekitaldirik handienean, lehen aldiz Portugalen, Lisboan, ospatzen dena. Basquetour "Euskal Turismo Agentzia" stand informatibo batekin dago bertan, zuzendariaren parte-hartzearekin Giza Eskubideen Konferentzian.

Euskadik stand propioa du EuroPride-en erakusketa-eremuan, helmuga inklusibo eta anitz gisa aurkeztuz. Euskadik Queer Destinations Committed nazioarteko ziurtagiria dauka, IGLTAk (International LGTBIQ+ Travel Association) babestua. Aitorpen honek euskal turismo-sektoreko profesionalek egindako lana islatzen du: queer bidaiarientzako eta bertako langileentzako esperientzia seguru, errespetuzko eta aberasgarriak eskaintzea.
Standak Euskadi irekia, abegitsua eta plurala erakusten du, natura, kultura, gastronomia, kostaldea eta Bilbo, Donostia eta Gasteiz bezalako hiriburuak uztartzen dituen eskaintzarekin. Era berean, LGTBIQ+ kolektiboarentzako interesgarriak diren ekitaldiak eta guneak nabarmentzen dira, baita ostatuak, jarduerak eta baliabide espezifikoak ere, turismoaren webgune ofizialean eskuragarri: https://turismoa.euskadi.eus/eu/euskadi-lgtbiq/
Bestalde, Daniel Solana Basquetourreko zuzendaria izan da gaur EuroPrideko Giza Eskubideen Konferentzian, turismoak kolektiboaren eskubideen alde izan dezakeen rola aztertzen duen mahai batean. Bere hitzaldian, Euskadiren esperientzia partekatu du helmuga anitz eta inklusibo gisa, eta turismo-estrategiek espazio seguruagoak, ikusgarriagoak eta berdintsuagoak sortzen lagundu dezaketela azpimarratu du. Mahai berean izan dira, halaber, ACOGAT, Diversport Torremolinos eta Queer Destinations erakundeetako ordezkariak.
EuroPride 2025ean parte hartuz, urrats sendoa egiten du Euskadik turismo arduratsu eta aniztasunarekiko konprometitu baten alde, ekitaldi honek sustatzen dituen berdintasun-balioekin bat eginez.