• FITUR
Euskadi helmuga seguru gisa aurkeztuko da Fiturren, eta kalitatezko eskaintza zabala, naturako baliabide ugari eta mundu osoan ezaguna den gastronomia eskainiko ditu
" Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur aurkeztu ditu Euskadik Fiturren egingo duen eskaintzaren ezaugarriak, jasangarritasunean eta sektoreko enpresen eta profesionalen lanean oinarrituta.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur azaldu du Euskadi nola aurkeztuko den Fitur azokan, pandemiak eta turismo-sektorearen egoerak markatutako urtean, sektoreak ezin izan baitu bere jarduera gauzatu. Sailburuarekin Daniel Solana Basquetourren zuzendaria izan da, eta azokaren 5 egunetarako Euskadiko standaren programazioa azaldu du.
Fitur turismo-sektorerako erreferente handienetako bat da, Europan egiten den nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenetako bat, eta datorren asteazkenetik, maiatzaren 19tik, igandera, maiatzaren 23ra, bitartean egingo da. Lehenengo hiru egunak profesionalei zuzenduta egongo dira eta asteburua azken publikoari.
Aurten, 2021ean, Euskadi pandemia-egoera betean eta beste edizioetako baldintza oso desberdinekin joango da Fiturrera, edukiera-murrizketak, osasun-neurriak eta turismo-sektorearen egoera direla eta.
Sailburuak gogorarazi du garrantzitsua dela helmugaren sustapena beti egitea, baita mugikortasuna mugatuta dagoen egoeretan ere: “helburua da sustapena egokitzea, Euskadi helmuga seguru eta askotariko gisa mantentzeko, ez soilik bisitariak erakartzeko ekintza gisa, baizik eta oroitzapeneko marketinak memorian etengabe gure herria mantentzeko, hurrengo berreskuratze-fasearen aurrean”.
Gainera, turista-sarrerek % 70 behera egin duten egoeran, Euskadi Fiturrera ideia nagusi batekin joango da: protagonista turismo-sektoreko enpresak eta profesionalak izatea.
Edizio honetan Fiturrek egungoa bezalako egoera bateko berrikuntzak izango ditu: osasun-neurriak areagotuko dira, edukiera app batekin kontrolatuko da, tarteak gordeko dira, PCR probak egingo dira… eta, horrez gainera, bertaratuen lana errazteko beste hainbat neurri hartuko dira: sektoreko bileretarako eta topaketetarako eremu gehiago jarriko dira eta streaming bidez emango dira lurraldeen aurkezpen guztiak.
Bestalde, sailburuak gogoratu duenez, “Fitur leku ezin hobea da beste administrazio eta autonomia-erkidego batzuekin harremanetan jartzeko eta topaketak egiteko, hainbat proiektutan lankidetza-harreman estuak baititugu. Funtsezkoa da Euskadi-Basque Country marka nazioartean sustatzen laguntzea eta lurraldeak zeharkatuko eta iraupen luzeko bisitariak hartuko dituzten ibilbideak bultzatzea”.
Halako proiektu bateratuak dira: Euskadik, Kantabriak, Asturiasek eta Galiziak osatzen duten Espainia Berdea; Euskadik, Nafarroak, Errioxak eta Iparraldek eta Bearnek osatzen duten GATURI proiektu gastronomikoa; eta Gaztela-Leonekin, Gaztela-Mantxarekin, Extremadurarekin eta Andaluziarekin osatutako eta “Magallaes-Elkano Espedizioa” izeneko proiektu bateratua.
“Euskadi Fiturrera joango da” laburbildu du sailburuak “ezohiko egoera batean, sektoreak inoiz baino babes handiagoa behar duen egoeran, eta protagonistak, beraz, gurekin izango diren enpresak eta profesionalak izango dira. Eta sustapenaren testuinguruan, Euskadik bere 2 indarguneak erakutsiko ditu: eskaintzaren eta planen kalitatea eta aniztasuna eta mundu osoan ezaguna den gastronomia, helmuga seguru, askotariko eta jasangarriaren irudia indartzen jarraitzeko. Eta hori guztia jasangarritasunaren aldeko apustua egingo duen eta naturako turismoa indartuko duen stand batean”.
Aurreko edizioan ere jasangarritasunaren aldeko apustua egin zen eta standa bera izan zen horren erakusgarri, Euskadi helmugaren aurkezpen-txartela izanik. Material birziklatuekin eta ekologikoekin egindako standak Fitur 2020 azokako standik onenetako baten saria jaso zuen, eta aurtengo edizioan, krisiak eta hersturak markatutako urtean, sailburuaren esanetan, “standa berrerabili egingo dugu neurri berrietara eta leku-premia berrietara egokituta. Eta, hori bai, bertan inprimatutako irudi eta grafiko guztiak berritu ditugu naturako baliabideei garrantzi handiagoa emateko. Adituek aitortu dutenez, pandemiaren ondoren bidaiatzeko motibazio nagusietako bat izango da, eta ahalmen handia duen turismo-sektoreetako bat da”.
Sailburuak honela laburbildu du Euskadiren presentzia Fiturren: “Euskadiko postal bat izango da, garena islatuko duena: leku segurua, erosoa, jasangarria eta anitza, eta eskaintza aberatsa, naturako baliabide ugari eta bikaintasun-gastronomia dituena. Horiexek izango dira bisitariak erakartzeko eta Euskadiko turismo-sektorea etorkizunean suspertzen laguntzeko pizgarririk onenak”.