• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Euskadi, interes handia pizten duen helmuga USA-Kanada Alderantzizko Jardunaldietan (Sevilla 2025)
Euskadi Basque Country, Basquetour-en bitartez, presente egon da USA"Kanada Alderantzizko Jardunaldietan, 2025eko ekainaren 9tik 12ra bitartean Sevillan Turespañak antolatutako topaketa profesionaletan. Helburua: Espainiako helmugak eta enpresak AEBetako eta Kanadako bidaia-agentziekin konektatzea, hego Europako eskaintza zabaltzeko interesa dutenekin.

Ekainaren 9ko irekiera-jardunaldia Eurostars Torre Sevilla hotelean izan zen, AEBetako eta Kanadako merkatuen aurkezpenarekin. Hitzaldiak Miguel Sanz (Turespaña), Elvira Marcos (Miami-ko OET) eta Isabel Martín (Toronto-ko OET) zuzendariek eskaini zituzten. Ondoren, Alcazar bisitatu eta Casa Guardiola-n afaria egin zen.
Hurrengo hiru egunetan, Pabellón de la Navegación guneak hartu zituen B2B bilerak, jardunaldi honetarako berariaz sortutako aplikazio baten bidez antolatuak, formatu fisikoan banatutako agenda batekin osatuak. Euskadik guztira 71 bilera profesional egin zituen: 23 asteartean, 24 asteazkenean eta 24 ostegunean.
Euskadiko Pretourrean parte hartu zuten agentziek oso balorazio ona eman zuten, helmuga “aurkikuntza bikain” gisa definituz eta premium profileko bezeroentzat egokia zela azpimarratuz. Haien arabera, gero eta handiagoa da Grezia eta Italiaren alternatibak bilatzen dituzten bidaiarien kopurua, eta Espainia, Euskadi barne, indarra hartzen ari da segmentu horretan.
Espainiarekin jada lan egiten duten agentziei dagokienez, Euskadi aukera berritzaile eta bereizgarri gisa agertzen da, ohiko helmuga turistikoetatik harago (Madril, Bartzelona, Andaluzia). Euskadiko hiriak, bereziki Donostia eta Bilbo, dira interes handiena pizten dutenak.
Oro har, jardunaldien balantzea oso positiboa izan da, eta agentzia iparramerikarrek Euskadiren alde erakutsitako interesa nabarmena izan da. Hori guztia baliagarria da Euskadiren nazioarteko posizionamendua sendotzeko, helmuga erakargarri, berezi eta kalitatezko gisa.