• GOLF TURISMOKO EUSKAL SAREA
Euskadik aurrera egingo du golf-turismoa sendotzeko bidean, 2026rako ekintza estrategiko berriekin
Golf Turismoko Euskal Sareak 2025eko balantzea egin berri du eta 2026rako estrategia zehaztu du Zarauzko Real Golf Clubean egindako lan-mahaian.
Golf Turismoko Euskal Sareak urteko azken lan topaketa egin berri du astearte honetan, abenduaren 16an, Zarauzko Real Golf Clubean. Bileran 2025ean garatutako jardueraren balantzea egin dute bertaratutakoek, eta datorren urterako lerro estrategikoak zehaztu dituzte.
Batzar honetan elkartu dira golfeko hamaika azpiegituratako kudeatzaileak (golf-zelaiak, Par 3 eta Pitch & Putt), hiru bidaia-agentzia hartzaile espezializatu, hotel espezializatu bat eta Turismoaren Euskal Agentziako ordezkariak.
2025 urtean zehar egindako jardueren laburbilduma burutzeaz gain, 2026rako ekintza-plana ere aurkeztu dute. Besteak beste, honako ekimen hauek aurreikusi dituzte:
- Turismo-azoka espezializatuetan parte hartzea.
- Sektoreari eta golf-turismoari buruzko jardunaldi tekniko profesional bat antolatzea.
- Hedabideetan sustapen-kanpaina espezifiko bat abiaraztea.
- Produktu turistikoari eskainitako ikus-entzunezko pieza bat ekoiztea.
Gainera, Euskadi golf-turismoko helmuga gisa finkatzearen garrantzia azpimarratu dute, eragileen arteko lankidetza indartuz eta 2025ean egindako lana sendotuz. Elkarrekin lan egiteko konpromisoa funtsezkoa izango da lurraldean segmentu hori bultzatzen jarraitzeko.
Topaketa hau ez da izan lan-foro bat soilik; sinergiak, ideia berriak eta proposamenak sortzeko topagune ere izan da, eta sektoreko eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzeko baliatu da.