• ESPAÑA VERDE
Euskadik Espainiako Berdearen Ekoturismoaren Korridorea bultzatzen du, maiatzaren 28an aurkeztuko dena Madrilen
Kantauri Isurialdeak Europako ekoturismo-korridorerik handiena abiarazten du, 25 natura-gune babestu protagonista dituela

Santander, 2025eko maiatzaren 8a – Espainiako Berdearen Ekoturismoaren Korridoreak badu jada aurkezpen-data ofiziala. Maiatzaren 28an Madrilen aurkeztuko da publikoari, Next Generation Europako funtsen bidez finantzatua eta Euskadi, Kantabria, Asturias eta Galizia batzen dituen ibilbide iraunkor gisa, 25 natura-gune babestu zeharkatzen dituena.
Gaur, Santanderreko Botín Zentroan egindako Jarraipen Batzordearen bileran izan da Euskadi ordezkatua, Jakes Aguirrezabal Iribar Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, gainerako autonomia-erkidegoetako turismo-arduradunekin eta Turespañako ordezkariekin batera. Bilkuraren helburua 2025eko Jarduera Plana zehazten jarraitzea izan da, aurten Kantabriak koordinatuko duena.
Ekoturismoaren Korridorea Espainian lehenengoa da bere ezaugarriengatik eta jada Europako handienatzat jotzen da. Iparraldeko natura, paisaia, kultura eta tradizioekin lotutako esperientzia iraunkorrak eskainiko ditu, lau erkidegoetako tokiko enpresa eta ekintzaileekin elkarlanean diseinatuak.
“Mundura erakutsi nahi dugu gure paisaiek, gure kulturak eta gure sustraiek duten indarra, ikuspegi iraunkor eta garapen lokalarekiko konprometitu batetik”, adierazi du Aguirrezabalek bileraren ostean.
Madrilgo aurkezpenaz gain, hurrengo asteetan erkidego bakoitzean bertan sustatuko da korridore berria. Aldi berean, Espainiako Berdearen Asmo Protokoloa berritu da, 1989an sortutako aliantza historikoa, iparraldeko eskaintza nazioartean modu bateratuan sustatzeko xedez.
Jarduera planak barne hartzen ditu beste ekintza batzuk ere, hala nola, ‘Norte Diem’ nazioarteko gastronomia-ekitaldia New Yorken, Espainiako Lisboako Turismo Bulegoarekin elkarlanean egingo diren prentsa-bidaiak, Portugalgo merkaturako eduki-kanpainak eta live streaming formatuan egingo diren famtrip-ak Ingalaterran, Italian eta Alemanian. Horrez gain, edukia indartuko da sare sozialetan eta webgune ofizialean: www.ingreenspain.es.
Aurrerapauso berri honekin, Euskadik berretsi egiten du turismo-eredu iraunkor, bereizgarri eta bere lurraldearen balioekin konektaturikoarekiko duen konpromisoa.