• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Euskadik indartu du Asia-Pazifikoko merkatuaren aldeko apustua ILTM Asia Pacific 2025 azokan
Basquetour ILTM Asia Pacific azokan da berriz ere, Asia-Pazifikoko luxuzko turismoaren hitzordu nagusian, Euskadi helmuga bakarra, autentikoa eta sofistikatu gisa aurkezteko. EUSKADI Basque Country Confidential proposamenaren bidez, Euskadik Asia-Pazifikoko bidaiariak liluratu nahi ditu, sektoreko erosle nagusiak biltzen dituen azoka batean.
Bigarren urtez jarraian hartuko du parte Basquetourrek ILTM Asia Pacific azokan, eskualde honetako luxuzko turismoaren erreferentziazko ekitaldian, uztailaren 1etik 4ra ospatuko dena Singapurreko Marina Bay Sands ospetsuan.
ILTM Asia Pacific azokan eskualdeko bidaia-agentzia espezializatuak, komunikabideak eta maila handiko hornitzaileak elkartzen dira —Australiatik Korearaino eta Zeelanda Berritik Vietnamera—, 15 minutuko bilera pertsonalizatuen agenda trinkoarekin, prestakuntza-saioekin eta harreman profesionalak sendotzeko aukerekin. Azken edizioan, 30 herrialdetako 650 erosle baino gehiago bildu ziren, eta aurten kopuru hori gainditzea espero da.
Erakusleiho internazional honetan, Basquetourrek EUSKADI Basque Country Confidential aurkeztuko du: kultura, paisaia, gastronomia eta euskal bizimodua uztartzen dituzten esperientzia autentiko, inspiratzaile eta hunkigarrien aukeraketa zaindu bat. Proposamen hau berezitasuna eta nortasuna duten helmugak bilatzen dituzten bidaiarientzat da, esperientzia esklusibo eta ahaztezinen bila dabiltzanentzat.
Parte-hartze hau Singapurreko Espainiako Turismo Bulegoarekin (OET) elkarlanean gauzatzen da, Turespañaren standaren barruan.
Ekitaldi estrategiko honetan egoteak aukera ematen du harreman komertzial berriak zabaltzeko eta luxuzko turismoan espezializatutako turoperadoreekin loturak sendotzeko, segmentu premium-aren dibertsitatea eta hazkundea gero eta nabarmenagoak diren eskualde batean.