• DIRU-LAGUNTZAK
Euskadik turismo-sektorerako konpetentzia digitaletan prestakuntza-programa aktibatu du
Next Generation EU funtsetatik datozen 1,98 milioi euroko inbertsioarekin, ekimena 2026ko maiatzera arte garatuko da, eta sektoreko langileen, praktiketan dauden gazteen, ETEen eta langabeen gaitasun digitala hobetzea du helburu.

Next Generation funtsekin finantzatutako dirulaguntzen testuinguruan, Gobernu Kontseiluak aurkeztu du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmena. Akordio honi esker, Euskadiko turismo-sektorean konpetentzia digitalak garatzeko prestakuntza-programa bat abian jarriko dute.
Akordio honen helburua da Euskadiko sektore turistikoan diharduten profesionalen gaitasun digitalak hobetzea, Europar Batasunak finantzatutako formakuntza-egitasmo baten bidez. Ekimen hau erakunde publikoek sektore turistikoaren eraldaketa digitala sustatzeko duten konpromisoaren adierazgarri da. Gero eta teknologikoagoa den ingurune batean lehiakortasuna eta egokitzeko gaitasuna indartzeko xedea izango du prestakuntza honek.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren, Basquetourren eta Lanbideren arteko lankidetzak ahalbidetuko du prestakuntza-ekintzen diseinua, garapena eta gauzatzea; etaenplegu zerbitzu publikoak kudeatuko du dirulaguntzen deialdia.
Programa honek 1.982.342,08 euroko aurrekontua du, eta prestakuntza-ikastaroek gutxienez 150 orduko iraupena izango dute. Honako hauei zuzenduta dago: Gizarte Segurantzan sektore turistikoko modalitateetan altan emanda dauden langileak; eremu turistikoan prestakuntza- edo praktika-kontratua duten gazteak; ETEak eta turismo arloko langabeak. Programa hau 2026ko maiatzaren 31ra arte luzatuko da.