• MEET BASQUE COUNTRY 2025
MEET Basque Country 2025k nazioarteko turismo eragile nagusienak ekarri ditu Euskadira
Topaketa horrek, azaroan, Kanadako, AEBetako eta Latinoamerikako 50 nazioarteko turoperadore baino gehiago elkartuko ditu, eta, hauek, euskal turismo-eskaintza ezagutzeko aukera izateaz gain, sektorearekin merkaturatze-topaketak izango dituzte.
Azaroaren 10etik 14ra bitartean egingo da MEET Basque Country 2025, Euskadiko turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekitaldi nagusia. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatzen duen egitasmoaren xede nagusia da turismoaren sektoreko nazioarteko eragileak Euskadin elkartzea, gure lurraldeak eskaintzen dituen proposamen turistikoak bertatik bertara ezagutu ditzaten.
Merkatu estrategikoekin topaketa estrategikoa
2025eko edizioak nazioarteko hiru merkatu estrategikotatik datozen 50 profesional bilduko ditu: Kanada (Toronto); Estatu Batuak (Miami, Los Angeles, New York eta Chicago), eta Latinoamerika (Buenos Aires, São Paulo eta Mexiko).
Parte-hartzaileek Euskadi helmugaren turismo-eskaintza anitza ezagutzeko aukera izango dute fam trip tematikoen bidez. Honako hauek dira bereziki bultzatuko diren arloak: premium turismoa, gastronomia eta ardoak, MICE, Grand Tour ibilbidea eta golfa.
Fam tripen ibilbideek Euskadiko bazter adierazgarrienak bisitatuko dituzte, kultura, gastronomia, natura eta esperientzia esklusiboak uztartuz. Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Bisitak: María Cristina Hotela, Akelarre Hotela, Arriluce Jauregia, Baigorri Upategia, Gasteizko Katedral Zaharra, Guggenheim Bilbao Museoa, Chillida Leku museoa, Bizkaiko Zubi Esekia, Loizaga Dorrea, besteak beste.
- Kultura eta ibilbideak: Donostia, Vitoria-Gasteiz, Bilbo, Balmaseda, Salburua, Añanako Gatz Harana eta abar.
- Esperientzia gastronomikoak: HIKA Txakolindegia, Ondarre Gaztandegia, Nicolás Erretegia (Tolosa), KEA Jatetxea (Gasteiz), Almazen Jatetxea, eta sukaldaritza-tailerrak GastroGunean…
- Golfari lotutako jarduerak: Donostiako Real Golf Club, Larrabea Golf Club, Izki Golf eta Meaztegi Golf.
Merkaturatzea sustatzeko bi networking-ekitaldi
Besteak beste, MEET Basque Country 2025 ekimenak bi topaketa nagusi antolatuko ditu euskal sektore turistikoarekin:
- Welcome Reception: Azaroaren 10ean, astelehena, Donostiako Tabakaleran egingo da ongietorri-ekitaldia. Bertan, Euskadi Basque Country helmuga aurkeztuko zaie gonbidatutako turoperadoreei eta bertaratutako euskal agintariei eta erakundeei.
- Workshop B2B: Ostiralean, azaroaren 14an, berriz, Bilboko San Mamés estadioan merkaturatze-topaketak antolatuko dira. Bertan, harreman komertzialak ezartzeko asmoarekin, turoperadoreek bilera indibidualak hitzartuko dituzte euskal turismo sektoreko enpresekin.
Esperientzia eta jarraipena
Aurretik burutu dituen hiru edizioen arrakastaren ondoren, laugarren hau antolatuz, Basquetourrek bere konpromisoa berretsi nahi du euskal turismo sektorearen nazioarteko sustapenarekin. MEET Basque Country ekimena tresna estrategiko gisa finkatu da, Euskadiko turismo-eskaintza zabala —gastronomia, kultura, natura, kostaldea, hiriak, ekitaldiak eta MICE— nazioartean ezagutarazteko eta Euskadi helmuga erreferente bezala kokatzeko.