• MEET BASQUE COUNTRY 2025
Euskadi, zapore, paisaia eta esperientzien erdigune: MEET Basque Country 2025 martxan da
Kanadako, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako 50 profesionalek baino gehiagok Euskal Herriko eskaintza turistikoa ezagutzen ari dira aste honetan, San Mameseko ostiraleko komertzializazio workshoparen aurretik.
MEET Basque Country 2025 ekimena buru-belarri garatzen ari da aste honetan Euskadin. Astelehenetik, azaroak 10, Kanadatik (Toronto), Estatu Batuetatik (Miami, Los Angeles, New York eta Chicago) eta Latinoamerikatik (Buenos Aires, São Paulo eta Mexiko) etorritako 50 nazioarteko turoperadore euskal lurraldea bisitatzen ari dira, helmugako eskaintza turistikoaren aniztasuna bertatik bertara ezagutzeko.
Parte-hartzaileak bost fam trip tematikotan banatuta daude, besteak beste, premium turismoa, gastronomia eta ardoa, MICE arloa, Grand Tour ibilbidea eta golfa. Egunotan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako bazter esanguratsuenetako batzuk bisitatzen ari dira; turismo proposamen zaindu honek kultura, gastronomia, natura eta esperientzia esklusiboak uztartzen ditu.
Basquetourrek antolatuta, ekimen hau Euskadiko turismoa sustatzeko eta komertzializatzeko topagune nagusiena da, eta azaroaren 14ko ostiralean amaituko da, Bilboko San Mames estadioan egingo den workshop batekin. Bertan, turoperadoreek banakako bilerak izango dituzte turismo sektoreko euskal enpresekin, merkataritza akordioak ezartzeko.