• EKOTURISMOA
Eusko Jaurlaritzak euskal kostaldearen kudeaketa eredua ezagutzera emango die “Wildsea Europe”-eko bazkideei
Europako kostaldeetako ekoturismo jomugen eta enpresen sarea gaur Cornwallen (Erresuma Batua) bilduko da.
Gaur ospatuko da Cornwallen (Erresuma Batua) “Wildsea Europe”, Europako kostaldeetan ekoturismo-esperientziak bultzatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko jomugen eta enpresen sareko bazkideen bilera. Eusko Jaurlaritzaren Turismo saila, sareko bazkidea, Basquetour-ek ordezkatuta izango da eta turismo aktiboaren -nautikoa bereziki- eta natura turismoaren eskeintza nola antolatzen eta garatzen den, euskal kostaldeko gida planaren barruan, azalduko du.
Topaketari esker bazkideek sarearen eboluzioa eta iazko ekintzen emaitzen berri izango dute eta bertan 2019rako jarduera-plana eztabaidatu eta zehaztuko da. Honez gain, hurrengo urteetarako sarearen gobernantza-ereduari buruz ere eztabaidatuko da eta arlo honetan, hain zuzen, aurkeztuko da euskal kostaldeko kudeaketa-sistema praktika egokiaren eredu gisa.
Basquetour-ekin batera, bileran Agència Catalana de Turisme-k, Turismo de Galicia-k, Portugaleko Forum Oceano-k, Eskoziako Highlands Council-ek, World Cetacean Alliance erakundeak, “Submon” eta sareko koordinatzaile “Travelecoology”, ahokularitza-enpresek, eta Visit Corwall erakunde anfitrioiak ere parte hartuko dute.
Behin bilera bukatuta, eta “WAOH! Route” ekimenaren barnean, parte-hartzaileek Cornualleseko itsas txakurren santutegia bisitatu eta Falmoutheko ibilbidearen tokietaz gozatuko dute.