• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eta Mexiko Hiriak lankidetzako memorandum bat sinatu dute turismoa sustatzeko
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok sinatu du, Espainiak Mexiko Hirian duen enbaxadan, "turismoaren arloan elkar ulertzeko memoranduma", Mexiko Hiriko Turismo Idazkaritzarekin. Akordio horrek bi helmugen arteko turismoaren garapenean eta sustapenean elkarrekin lan egiteko konpromiso ofiziala jasotzen du.

Ekitaldian, sailburuak eskerrak eman dizkie Espainiako enbaxadoreari bere abegi onagatik, bai eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariari eta OETeko zuzendariari ere, prozesuan laguntzeagatik. Era berean, Mexiko Hiriko Turismo Idazkaritzaren eta bere taldearen prestasuna eta ahalegina nabarmendu ditu, funtsezkoak izan baitira lankidetza hori errealitate bihurtzeko.
Sinatutako memorandumak bi lurraldeek beren arteko harreman turistikoak sendotzeko duten interesa islatzen du, batzen dituen historian eta nazioarteko izen handiko eskaintza kultural eta gastronomikoan oinarrituta. "Euskal Herria eta Mexiko Hiria kulturarekiko, gastronomiarekiko eta hiriko turismoarekiko pasioa partekatzen duten bi helmuga dira, eta aliantza horri esker, biek modu jasangarrian hazten jarraituko dute", adierazi du.
Memorandumak funtsezko lau lankidetza-arlo ezartzen ditu: lehenik eta behin, informazioa eta esperientziak trukatzea, turismo-estrategiak eta merkatuen adimena hobetzeko; bigarrenik, harreman turistikoak sustatzea eta kulturak elkarren artean ezagutzea; hirugarrenik, turismo-sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza, adituen trukea eta baterako plangintza ziurtatuz; eta, azkenik, turismoa sustatzea, erakusketa, azoka eta ekitaldi partekatuen bidez.
Akordio hori turismoa nazioartekotzeko estrategiaren barruan kokatzen da, eta horren ondorioz, nazioarteko turismoa etengabe hazi da lurraldean, bereziki goi-denboralditik kanpo. “Nazioarteko turismoa udako hilabeteetatik kanpo hazten ari da, eta tarte horietan hazten laguntzen digu; udako turismoa, berriz, nabarmen moteldu da”, zehaztu du.
Sailburuak Mexiko Hiria bezalako bazkide estrategikoen eskutik lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, nazioarteko sustapena hobetzeko eta turismo jasangarria, lehiakorra eta inklusiboa sustatzeko.
"Memorandum hau aukera bat da batzen gaituzten loturak indartzen jarraitzeko, gure helburu turistikoak lortzeko indarrak eta ezagutzak uztartuz", esanez amaitu du.