Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   ETXEBIZITZA TURISTIKOAK

Retortillo: “Ez ditugu iruzurra eta jarduera klandestinoa onartuko turismo-erabilerarako etxebizitzetan”

Turismo Sailak iragarri du ikuskaritza-zerbitzuan beste 10 pertsona sartu direla, errefortzu-lanerako. Etxebizitza turistikoek bereizgarria eduki beharko dute sarreran, erabiltzaile eta auzotarrentzako legezkotasun-berme gisa.

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, gaur, Gobernu Kontseiluak atzo onetsi zuen turismo-erabilerarako etxebizitzak eta logelak arautzeko Dekretua aurkeztu du. Maider Etxebarria Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria izan da berarekin aurkezpenean.

Sailburuak azaldu du bere Sailetik hartzen ari diren neurrien bidez “legez inskribatutako jabeen eta beren auzokide eta erabiltzaileen eskubideak defendatzea” dela helburu.

Helburu horrekin, duela urtebete baino gutxiago, jarduketa-protokoloa sinatu genuen 3 hiriburuetako udalekin eta EUDELekin, eta beraiekin hertsiki lanean jardun dugu hilabeteotan; gainera, harremanak izan ditugu ogasunarekin, bai eta informazio-ekarpena ere, eta harreman horiek, aurrerantzean, formalizatu egin nahi ditugu, jarduteko baterako mekanismoak ezartzeko. Eta beste zenbait neurri hartu ditugu, besteak beste, ikuskaritza-zerbitzuko errefortzua, hori guztia helburu argiarekin: ez ditugu iruzurra eta jarduera klandestinoa onartuko turismo-erabilerarako etxebizitzetan”.

Turismo zuzendariak, bestalde, Euskadiko turismo-erabilerarako etxebizitzen egoera aztertu du. Une hauetan, 2.200 etxebizitza daude Euskadin erregistratuta. Vitoria-Gasteizen 56 daude, eta udala hirigintza-araudia aldatzeko lanean ari da.

Bizkaian, orain, 550 etxebizitza daude erregistratuta, eta, horietatik, 230 Bilbon daude. Orain arte, 272 eman dira bajan, askotan udalak bidalitako txostenengatik. Azkenik, Gipuzkoak 1.600 etxebizitza ditu erregistratuta, 1.200 Donostian. Orain arte, 250 etxebizitza eman dira bajan Donostian.


Turismo-erabilerarako etxebizitza eta logelen Dekretua

Dekretuak auzokideak babesteko elementuak jaso ditu, besteak beste, erkidegoko estatutuek debekatzen badute jarduera gauzatu ezin izatea. Gainera, erabiltzaileek etxebizitza erabiltzean ohiko arauak betetzea eta, batik bat, gainerako auzokideek atsedenerako duten eskubidea errespetatzea jaso dira.

Bestalde, atarian edo etxebizitzara sartzeko atean bereizgarria jartzea jaso da. Seinale horien bidez, legezkotasun-bermea eman nahi zaie, bai higiezineko auzokideei, bai zerbitzu horretara jo nahi duten erabiltzaileei.

Era berean, erabiltzaileak babesteko elementuak ditu, besteak beste, etxebizitzaren sustapenean erregistro-zenbakia sartzeko derrigortasuna; etxebizitzak bete behar dituen gutxieneko ezaugarrien azalpena; edo informazio guztia erabiltzailearen esku jartzeko eskakizuna: harrera-orduak, telefonoa, prezioak…


Turismo-xedeetarako etxebizitzen ezaugarriak

Osorik lagatzen diren etxebizitzek, gutxienez, sukaldea, komuna eta lo egiteko egonleku bat eduki beharko dute. Logelek eta egongelek, lo egiteko erabiltzen direnean, argiztapen naturaleko iturria eta kanpoaldera aireztapen zuzena edo patio aireztatua izan beharko dute.

Bestalde, etxebizitzaren gehieneko okupatzaile-kopurua, hala badagokio, egoiliarrak eta erabiltzaileak barne, honako ratio hauen arabera zehaztuko da:

  1. Pertsona 1entzako etxebizitzak 25 metro koadro erabilgarriko azalera izan beharko du, gutxienez.
  2. 2 pertsonarentzako etxebizitzak 33 metro koadro erabilgarriko azalera izan beharko du, gutxienez.
  3. 3 pertsonarentzako edo gehiagorentzako etxebizitzak 15 metro koadro erabilgarriko azalera izan beharko du, gutxienez, pertsonako.

Segurtasuna dela eta, etxebizitzek honako segurtasun-elementu hauek izan beharko dituzte, ikusteko moduko lekuan eta irteerako zonatik hurbil: kanpora joateko irteerak jaso dituen planoa; kokapenari buruzko informazioa eta suhiltzaileen, poliziaren eta osasun-arretaren zerbitzuetako telefonoak. Gainera, eskuzko su-itzalgailua eta lehen mailako larrialdietarako botikina izan beharko ditu.

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31