• ITOURBASK
Turismo bulego berria, eskualdeko azken proiektu estrategikoa, martxan
Tolosako Plaza Zaharreko 10.ean kokatuko da, eta turistei harrera hobe eta integralago bat ematea izango du helburu. Eskualdeko marka turistiko berria ere sortu da, marketin plan berriak finkatutako ideia nagusiak abiapuntu izanda.
Martxan da Tolosaldeko Turismo bulego berria. Turistentzat eskuragarriago izan dadin, Tolosako Andre Maria Plazatik, Plaza Zaharrera lekualdatu da. Aldaketa soil bat baina gehiago da, bisitarien harrera-esperientzia hobetzeko helburua baitu. Orain arteko balorazioen arabera, turistek zerbitzuaren egokitasuna azpimarratu dute; instalazioen, seinaleztapenaren eta kokapenaren puntuazioak ordea nabarmen egiten zuen behera. Gainera, aurreko turismo bulegoak ez zituen behar bezala betetzen irisgarritasun irizpideak, eta Itourbask, Euskadio turismo bulegoen sareko kide izateko baldintzak ere justu betetzen zituen.
Bulego berriak alor hauek guztiak hobetu nahi ditu, turistek Tolosaldean biziko duten esperientzia orokorrean positiboki eragiteko. Turisten beharretara egokitutako bulego bat Kokapen berriarekin, ikusgarriagoa izango da bulegoa, Tolosako bizitzaren erdigune den Zerkausitik hurbil kokatuko baita. Seinaleztapena ere nabarmen hobetu da.
Barrura begira, batik bat, instalazioak turisten egungo beharretara egokitu dira: autokontsulta gune digitala sortu da, bakoitzak dakarren gailu elektronikoak kargatzeko puntuekin. Bisitarien eskura izango den ukipen-pantailako ordenagailu bat eta informazioa hobeto komunikatzeko pantaila handi bat ere jarri dira.
Bestalde, arreta azkarreko eta arreta pertsonalizatuko guneak desberdindu dira. Azken 10 urte hauetan jaitsi egin da turismo bulegotik pasatzen den persona kopurua, baina pasatzen diren hauek informazio zehatzagoa eskatu eta kontsulta gehiago egiten dituzte. Kontsulta luzeagoak dituzten turista hauen erosotasuna hobetzea era bilatu da, eserlekuak ere eskainiz.
Itxura aldetik ere badu hobekuntzarik. Abegikorra izan asmoz, lurraldearen izaera helaraztea bilatu da espazioen dekorazio berritzailearekin. Egurra, harriaren grisa eta landare berdeak erabili dira, hain zuzen, gure eskualdearen erakusgarri.
Elkarlanaren fruitu
Tolosaldeko udal guztien apustu sendo eta bateratuaren ondorio da turismo bulego berria. Hain zuzen, udalek eskualderako estrategikoak diren proiektuak garatzeko 2013an sortu zuten IAE diru-funtsari esker egikaritu ahal izan da proiektua. Ez hori bakarrik, Tolosako Udalarentzat ere estrategikoa izanik, bere jabetzakoa den bulegoa emakidan utzi dio Tolosaldea Garatzeni, bisitarien arreta zerbitzuak eman dezan.
Hain zuzen, turismoa “aukera bat” dela nabarmendu du Olatz Peonek: “Tolosa eta bere hiri ekonomiarentzat bisitariak garrantzia handikoak dira: ekosistema osoa indartzen laguntzen dute: merkataritza, ostalaritza, Azoka, kultura… herria bizirik mantenduz. Horregatik jardun behar dugu bat eginda. Lehiakorrak gara, kalitatezko turismo eskaintza da gurea, eta hori indartzen jarraitu behar dugu”, azaldu du Tolosako alkateak.
Juan Daniel Solana, Basquetour-eko zuzendaria eta Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria ere izan dira inaugurazio ekitaldian, eta biek ala biek nabarmendu dute bulego berriak “bisitarien esperientzia hobetzeko egingo duen ekarpena”.
Marketin Plana, posizionamendu berria zehazteko
Turismo bulegoarena ez da IAE funtsari esker egin den turismo alorreko proiektu estrategiko bakarra. Tolosaldeko Marketin Plana ere garatu da, eskualdearen posizionamendu turistikoa definitzeko. Modu parte-hartzailean osatu da plana, sektoreko eragile askoren eta erakundeen laguntzarekin. Denen artean, diagnosia egin ostean, aukera, mehatxu, indargune eta ahulgunean identifikatu ziren. Horien arabera finkatu zen gero marketin estrategia, helburuak, xede-publikoa, posizionamendua eta balio proposamena zehaztuz.
Orain, estrategia hori jarraituz garatu beharreko ekintzak definitzea da asmoa.
Tolosaldeak, turismo iraunkorrari eta landa-turismoari dagokionez, Gipuzkoan eta Euskadin eskaintza ezagun eta balioetsia izateko ikuspegiarekin egingo da lan aurrerantzean. Bisitatu beharreko aukera lasai, autentiko eta kalitatezkoa eskaintzen du eskualdeak, bere erakargarritasun bereizgarriak gastronomia, natura eta kultura izanik. Zentzu horretan, posizionamendu hori osatzen duten balio nagusiak errespetua, benetakotasuna eta bikaintasuna direla ondorioztatu da.
Balio horiek eskualdearen bereizgarri direla nabarmendu du Iker Urruzola, Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Zizurkilgo alkateak: “Turismo jasangarriari lotutako eredu bat sustatu nahi dugu. Jasangarria zentzu askotan: natura babesten duelako; bisitariak eskualdean zehar banatzen dituelako; edota bere izaera, kultura eta ohitura asko bere horretan mantetzen dituelako, bai herriguneetan baita landa-eremuan ere. Horrek benetakotasun hori ematen dio gure eskualdeari”.
Marketin planak hiru ardatz estrategiko ditu: lehiakortasuna, iraunkortasuna eta digitalizazioa, eta horietatik abiatuta 22 lan-lerro eta garatzeko 56 ekintza definitu dira. Hori aurrera eramateko 1.679.800€-ko aurrekontua izango da.
Marka berria, erakusleiho erakargarriago bat
Tolosaldeko Turismo Marketin Planean oinarrituriko posizionamendua lortzeko, marka turistikoa berritzea da ekintza-planean zehaztutako puntuetako bat. Aurrekoa 2005ean sortu zen, garaiko plan estrategikoari lotuta, eta berritzeko beharra ikusi da. Modu horretara, eragile ezberdinen oniritzia lortu duen marka bat izan da, eta bere lehen isla turismo bulegoan izango du. Gerora, euskarri gehiagotan ikusi ahal izango da marka hori bera.
Turistei begirako eskualdeko informazio guztia bateratzaen duen webgune berria ere lantzen ari da, eta laster izango da erabilgarri.