Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   2022KO AURREKONTUAK

Turismo, Merkataritza eta Kontsumosailaren aurrekontua, 52,1 milioi eurokoa, 79,3 milioi euroraino igoko da Europako funtsei esker

" Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saila % 10,2 hazi da, 52,1 milioi eurora iritsi arte, eta kopuru horri Europako Next Generation funtsei dagozkien beste 27,3 milioi euro gehituko zaizkio.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu du aurrekontua, eta inbertsioan izandako gehikuntza handia nabarmendu du. “52,1 milioi euro (+% 10,2) horiez gain, sailak Europako funtsetako beste 23,9 milioi euro izango ditu hainbat udalerri eta eskualdetan Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Planetan inbertsioak egiteko, eta beste 3,3 milioi euro erabilera publikoko ondare historiko turistikoa birgaitzeko. Beraz, guztira 79,3 milioi euro izango genituzke, eta horien % 46 baino gehiago inbertsiora bideratuko lirateke”.

Turismo eta Ostalaritza zuzendaritza

Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzaren aurrekontua (1. kapitulua sartu gabe) 20,2 milioi eurokoa da; % 27,5 handitu da. Gehikuntza hori Lehentasunez Jarduteko Eremuetan (LJE) hainbat esku-hartzeri aurre egitera bideratutako inbertsio-ahaleginaren emaitza da.

Hiru laguntza-programen aldeko apustuari eutsi zaio, 2,8 milioi euroko guztizko zenbatekoaz. Programak honako hauek dira: Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak (717.000 €). Ekintzailetzarako eta turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzarako laguntzak (652.000 €), eta Lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak (1,45 milioi euro).

Horien osagarri, Europako Next Generation funtsetatik datozen zenbait partida txertatuko dira ekitaldi honetan, euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna eta eraldaketa hobetzeko. Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategiak 67 milioi euro sartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegorako proiektu turistikoetan 3 urtetan, horietatik 23,9 milioi euroraino 2022an.

Basquetour

Beste gehikuntza garrantzitsuak, inbertsioaz gain, Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziarentzako ekarpen handiagoarekin du zerikusia, 9,1 milioi euro, hots, % 10,6 gehiago, pandemiaren ondoren erronka berriei aurre egiteko.

Gainera, sustapena eta merkaturatzea indartu egin behar dira, eta ekintzak bultzatu nazioarteko merkatuetan, hala nola AEBetan edo Japonian, pandemiaren ondoren gehien sufritu dutenak izan dira-eta. Horretarako, marketinera, kanpainetara eta sustapen-ekintzetara bideratutako partidak % 14,8 handituko dira, 3,6 milioi eurora iritsi arte.

Turismo jasangarria bultzatzeko funtsezko beste apustuetako bat adimen turistikoarena eta turismo-helmuga adimendunen programa berriak dira. Udalerriekin eta eskualdeekin koordinatuta lantzen ari diren programa horiek 460.000 euroko partida izango dute.

Adimen turistikoaren alde egiteko ildo horretan bertan, Turismoko Estatu Idazkaritzarekin Adimen Turistikoaren Sistema ezartzeko sinatutako hitzarmena Euskadiko Behatoki Turistikoaren ekintzetarako ia 400.000 euroko indargarrian hezurmamitu da. Turismoaren arloan erabakiak hartzeko funtsezko tresna da Adimen Turistikoaren Sistema, eta baliagarria izango da bai erakundeentzat kudeaketa hobea garatzeko orduan, bai sektorearentzat berarentzat tresna horretaz baliatu ahal izango den heinean.

Merkataritza zuzendaritza

Merkataritza zuzendaritzak 18,5 milioi euroko aurrekontua dauka (1. kapitulua kontabilizatu gabe). Horrek % 2,81eko gehikuntza dakar. 2 ikusmolderen inguruan artikulatzen da. Alde batetik, saltokien ekonomia suspertzera eta horien inbertsioak bultzatzera, kontsumorako pizgarriak ematera eta kalean dauden eremuko elkarteei laguntzera bideratutako programak. Bestetik, proiektu estrategikoen dinamizazioa, merkataritza-sektoreko eragileen bitartez: merkataritza-ganberak, federazioak eta hiri-plataformak.

Merkataritza programak 16,64 milioi euro ditu, eta horietatik 1,7 milioi euro bideratuko ditu proiektu estrategikoak abian jartzeko eta funtzionatzeko gastuetara; 9,9 milioi euro merkataritzako programa espezifikoak kudeatzera eta merkataritza-sektoreko asoziazionismoari laguntzera; eta 5 milioi euro merkataritza-establezimenduen eta udalen inbertsioei laguntzera.

Nabarmentzekoa da ekintzailetza, berrikuntza eta hiri-ekonomia aktibatzeko ekintzak bultzatzeko laguntza-programa berri bat jarri dela abian, urte anitzeko 1,5 milioi euroko guztizko zenbatekoaz.

Era berean, merkataritza-establezimenduak modernizatzeko programan egindako aurrekontu-ahaleginari eutsi zaio, eta partida horrek 2 milioi euroko igoera izan du, 3,35 milioi eurora iritsi arte. Zuzenean merkataritzara bideratzen den programa da, eta merkatarien inbertsio-premietan du eragina, hain beharrezkoa den modernizazioa sustatzeko.

Gainera, nobedade gisa, ekitaldi honetan 2 milioi euroko partida bat bideratuko da, urte anitzekoa, tokiko erakundeentzako merkatu jasangarriak eta hiriko merkataritza-eremuak suspertzeko programa berri batera, “udalerriei ahalik eta laguntza handiena emateko gure herriak eta hiriak eta haien hiri-ekonomiak eraldatzeko proiektuak inplementa ditzaten”.

Kontsumobide

Kontsumobideren aurrekontu globala 7,2 milioi eurokoa da, baina 1. kapitulua deskontatuko bagenu, 3,4 milioi eurokoa izango litzateke. 5,9 milioi euro sailak egindako transferentziatik datoz, eta gainerakoa gerakinekin eta diru-sarrera propioekin ekartzen da. Gehikuntza % 2,2koa da 2021ekoaren aldean.

Partida nagusietako bat Kontsumoko Udal Bulegoei laguntzekoa da, % 8,4 handitzen baita, 1.060.000 eurora iritsi arte. Elkarteentzako dirulaguntzak 429.000 eurorekin mantentzen dira.

Informazio- eta komunikazio-kanpainek 180.000 euroko aurrekontua edukiko dute. Era berean, prestakuntzarako ekarpen garrantzitsua egingo da, 831.000 euroko partida izango duen prestakuntza-eredu berri baten planteamenduarekin.

“Inbertsio-ahalegin horretan sektorera, bertan lan egiten duten profesionalengana eta herritarrengana iritsi nahi dugu, bizi-kalitatea hobetzeko. Horregatik, aurrekontu hedakorra zabaldu dugu, establezimenduen eta enpresen inbertsioa, digitalizazioa eta berrikuntza, kontsumo arduratsuaren sustapena eta Euskal Autonomia Erkidegoko BPGaren % 21 baino gehiago osatzen duten sektoreak sendotzea ardatz hartuta" amaitu du sailburuak.

 

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30