• EUSKADI BASQUE COUNTRY GRAND TOUR -EUSKAL KOSTALDEA-
Turismo sailburuordeak, Jakes Aguirrezabalek, Euskadi Basque Country Grand Toureko kostaldeko ibilbideak aurkeztu ditu Zarautzen
Zarautzeko Hotel Ur Bare-n egindako prentsaurrekoak balio izan du Euskal Kostaldearen mapa ilustratu berria aurkezteko eta Itourbask turismo bulegoen sarean jarriko diren informazio-erakusmahaiak ezagutzera emateko.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, Jakes Aguirrezabal Iribarrek, Zarautzen aurkeztu du euskal kostaldearen mapa ilustratua gaur, uztailaren 23an. Euskal kostaldeko paisaia eta gastronomia aberastasuna nabarmentzen dituen tresna da, eta itsasertzeko interesgune turistiko adierazgarrienak ezagutarazteko helburuarekin argitaratu dute. Ekitaldia Hotel Ur Bare-n egin da, eta bertan izan dira, hala nola, Zarauzko alkatea Xabier Txurruka eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria Libe Otegui.
Bere agerraldian, sailburuordeak mapa turistiko honen garrantzia nabarmendu du, “Departamentuak Grand Tour proposamenaren alde egindako apustua indartzeko balio duelako. Turismo aktiboa eta turismoaren iraunkortasuna sustatzeko funtsezko elementua, helburu nagusi dituela lurralde osoan zehar turismoaren banaketa, sasoien arteko oreka eta garapen lokala”.
Zarauzko alkatearen hitzetan, “benetako ohorea da Euskadi Basque Country Grand Tour-aren parte izatea eta haren aurkezpena hain ingurune zoragarrian hartzea. Zarautz ez da bere hondartza bakarrik, askoz gehiago ere bada. Zarautz gastronomia da, kalitatezko merkataritza eta urte osoan zehar gozatzeko moduko ingurune natural pribilegiatua”.
Bestalde, Libe Oteguik amankomunean dituzten helburuetan jarri du arreta: “sektore turistikoaren lehiakortasuna indartzea; inplikatutako eragile guztien ongizatea bermatzea; eta jarduera turistikoaren banaketa orekatu bat ziurtatzea”.
Horrez gain, maparekin batera, Itourbask sareko turismo bulegoetan jada ikusgai dauden informazio-erakusle berriak ere aurkeztu dituzte. Erakusmahai hauek Gran Tour egitasmoaren nortasun bisuala indartzen dute, eta bisitariek informazioa eskuratzeko modua erraztu baita ere.
Aurkezpen hau Basquetourren 2025eko Ekintza Planaren barruan kokatzen da. Bertan, Euskadi Basque Country Grand Tour turismo-fluxuak deszentralizatzeko, bisitarien egonaldia luzatzeko eta Euskadi helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa sendotzeko tresna estrategiko gisa aurreikusten da.
Euskadi Basque Country Grand Tour
Euskadi Basque Country Grand Tour Basquetour agentziak proposatutako ibilbide turistikoa da; Euskadi bere osotasunean ezagutzeko eta bizitzeko modu paregabea, eta kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituena. Aldi berean, turismo orekatu eta jasangarriaren aldeko apustua indartzen du, lurralde osoa balioan jarriz eta bisitarien esperientzia aberastuz.
Zortzi etapatan egituratuta dago, 98 udalerri zeharkatzen ditu eta 1.000 kilometro baino gehiago hartzen ditu bere barne, 150 iradokizun turistiko baino gehiago elkarrekin lotuz.
Proiektuaren helburu nagusiak dira jarduera turistikoa deszentralizatzea, urtarokotasuna murriztea, eskaintza dibertsifikatzea, egonaldia luzatzea eta helmugan egiten den gastua handitzea.