• TURISMO-INDUSTRIAREN PROFILA
Turismoak jarduera ekonomiko gisa duen protagonismoa indartu du Euskadin, konfiantza-giroan
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Enfokatur Euskadiko Behatoki Turistikoaren bitartez, "Turismo-industriaren profila 2024" txostena argitaratu du. Ikerketak nabarmentzen du sektorea feminizatua dagoela (%69); batez besteko adina 40 eta 54 urte bitartekoa dela (%46) eta prestakuntza maila altua duela.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Enfokatur Euskadiko Behatoki Turistikoaren bitartez, “Turismo-industriaren profila 2024” txostena argitaratu du, eta estatistika ofizialean eragiketa gisa txertatu da. Horren helburua da turismoari zuzenean lotutako euskal turismo-enpresen profila ezagutzea, hala nola ostatu-sektorea, bidaia-agentziak eta turismo-operadoreak, baita turismo-gidariak ere.
Euskadiko turismo-industriak hazkunde iraunkorra izan du turismoak bere jarduera ekonomikoaren barruan duen garrantzian. 2022 eta 2024 urteen artean, ehuneko 7,4 puntu igo da beren jardueraren % 75 baino gehiago turismora bideratzen duten enpresen proportzioa. Hazkunde horrek erakusten du turismoa dela negozioaren ardatz nagusia sektore gehienarentzat, eta 2025ean gorantz egiten jarraitzea aurreikusten da.
Turismo Industriaren Konfiantza Adierazlea (ICIT gaztelaniaz) baikortasun-giroaren beste adierazle bat da. Oro har, 139,1 puntu lortu dira, 0tik 200era bitarteko aldakortasun-tartean, eta, beraz, uneari buruzko pertzepzio nabarmen positiboa islatzen du. Iritzi-giro hori jarduera-mota jakin batzuek sostengatzen dute, hala nola bidaia-agentziek eta turismo-operadoreek edo turismo-gidariek; horiek dira konfiantza handiena duten sektoreak.
Euskal turismo-industriaren merkatuen bilakaerak agerian uzten du turismoa gero eta nazioartekoagoa dela Euskadin. Turismo-industria gutxiago dago tokiko edo barruko merkatuaren mende, 2022tik 2024ra ia 4,7 puntu portzentual jaitsi baita. Merkatu nazionaleko turismoak nagusia izaten jarraitzen du, eta egonkor mantentzen da, nahiz eta nazioarteko merkatuaren etengabeko gorakada nabari den, eta hori igarotako gauen urteko estatistiketan ere islatzen da.
Donostia eta Bilbo sendotu egin dira industria turistikoak nazioarteko merkatuari pisu handiagoa ematen dion leku gisa, nahiz eta joera zeharkakoa den horiekiko, eta erronka ere bada oro har, turista-profil berrietara egokitu behar baitute.
Txostenaren beste ondorioetako bat da enpresen eraldaketak turismoaren sektorearen modernizazioa bultzatzen duela. Turismo-enpresen erdiak baino gehiagok (% 55) enpresa-eraldaketako prozesuren bati ekin dio azken hiru urteotan. Horien artean nagusia prozesuen digitalizazioa da (% 34,3), eta ondoren daude merkaturatze-kanalen dibertsifikazioa (% 30,3) eta produktu edo zerbitzu berrien garapena (% 21,4).