Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   TURISMOAREN ASTEA

Turismoaren Astea aurkeztu du Sonia Pérez Ezquerra sailburuak

" Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Turismoaren Astea antolatu du gorabidean den industria gisa turismoak duen garrantzia eta sektorearekiko lankidetza nabarmentzeko " Turismoaren sektorean Euskadi izan da Autonomia Erkidego lehiakorrena Exceltur-en azken Monitur txostenaren arabera

1 / 2

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak gaur aurkeztu du “Turismoaren Astea”, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatuta uztailaren 8tik 12ra izango dena.

Euskadin turismoaren eboluzioak etengabe egin du gora azken urteetan eta BPGaren % 6,1 adierazten du, gizarte-segurantzara afiliatutako 100.000 langilerekin, Euskadiko guztizkoaren % 10, alegia.

Turismoa berealdiko garrantzia duen industria bat da jada, azaldu du sailburuak, eta merezi du beraz “Turismoaren Aste” bat eskaintzea, eta joerak erakustea, lankidetza-hitzarmenak ezartzea, eta lehiakortasuna eta turismo jasangarri baten garapena bultzatzea”.

Turismoaren Astearen programa

Astelehena, uztailak 8: Turismo arduratsuaren kanpainaren aurkezpena. Gida praktiko bat da, Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuarekin eta Basquetour - Turismoaren Euskal Agentziarekin koordinazioan landua, eta gomendioak biltzen dituena esperientzia aberasgarri eta jasangarri bat izan dadin bidaia bisitatzen gaituztenentzat.

Asteartea, uztailak 9: “Turismoaren sektorean diharduten enpresei eta lankidetza publiko/pribatuari bereziki zuzendutako” eguna izango dela gogora ekarri du sailburuak. Egun horretan azalduko da sortu berri den Saretour – Turismoaren Euskal Sarea, Euskadiko sektore turistikoaren elkarraldirako, elkarlanerako eta koordinaziorako foro izateko sortua. Gainera, sariak banatuko dira lehiakortasun turistikoaren ziurtagiriak lortu dituzten enpresak aintzatesteko.

Asteazkena, uztailak 10: Lehendakariak eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministro Reyes Marotok sailburuarekin batera inauguratuko dute “Lehiakortasun turistikoa: Euskadi erreferente gisa” jardunaldia. Exceltur 2018 Monitur txostenak lehenengo Autonomia Erkidegotzat hartu du Euskadi lehiakortasun turistikoan, eta aipamen berezi bat izan du Sailak aurrera eramandako politiketako jardun egokiengatik.

Osteguna, uztailak 11: Sailburuak azpimarratu egin du kalitateko enplegua sustatzeak duen garrantzia, eta horregatik “laugarren jardunaldiaren protagonista” izango da “Euskal turismoko enpleguaren erronkak” foroan. Gainera, elkarraldiak egingo dira Itourbask – Turismo Bulegoen Euskal Sarearekin eta Euskadiko Ostalarien eta Hotelarien Elkarteetako ordezkariekin.

Ostirala, uztailak 12: Erosketa arduratsuko turismoa produktuaren aurkezpena, non Euskadiko merkataritzaren erreferentzia berezienetako batzuk ikusi ahal izango diren. Ekitaldi horrekin amaituko da Astea.

Sailburuak laburbildu bezala, “Aste honekin gure xedea da turismo jasangarriaren alde egin dugun apustu irmoa bultzatzea, ekonomian, gizartean eta ingurumenean duen eragina kontuan hartuta, eta estrategia hori sektore turistikoarekin lotzea, merkataritza eta kontsumo arduratsua ere inplikatuta ardatz bereizezin gisa”.

 

 

 

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31