• SUSTAPEN TURISTIKOA
Udako turismoa sustatzeko nazioarteko kanpainak esperientzia askotarikoa eta paregabea eskaintzen die bisitariei Euskadin
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok "Bizit Euskadi" kanpaina aurkeztu du gaur. Kanpainak Euskadi birdeskubritzera gonbidatzen ditu lehentasunezko merkatuak, bisitari esperientzia eta jardueren katalogo zabal bat gehituz.
Gainera, kanpaina honekin batera, Turespaña erakundearekin akordio bat lortu da. Akordioak marketin-ekintza bateratuak ezarriko ditu, Euskadi helmugaren indarra Espainiako Turismo Institutuak garatzen dituen nazioarteko kanpainetara batu ahal izateko, izen handiko operadoreetara sarbidea izateko aukera emateaz gain, besteak beste, National Geographic, Expedia eta Tripadvisorrera.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Euskadiko Turismoa sustatzeko udako kanpaina aurkeztu du gaur, “Bizit Euskadi” berreskuratu duena. Kontzeptuaren jarraipena egitea erabaki da, sustapenean inpaktua izango duten formatu eta bide berriekin.
Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, kanpaina hau “bidaiariak gu bisitatzera gonbidatzea eta haiek Euskadi biziaraztea da. Hainbeste helmugak erabiltzen dugun Visit Euskadi ingelesezko claimarekin, bizi aditzaz baliatu gara berriro, "Bizit Euskadi" sortzeko. Kontzeptu horrek bi hitzetan laburbiltzen du gure bisitariei eskaini nahi diegun bizi-esperientzia. Kanpainak, Aste Santuan merkatu nazionalei zuzendutakoez gain, nazioarteko merkatuetan eragingo du, besteak beste, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Portugalen, spot berrituekin eta dagokien hizkuntzan.”
Kanpainak ikus-entzunezko euskarriak hedatuko ditu, hiriko eta naturako eskaintza, euskal udako uneak eta gastronomia biltzen dituztenak. Gure bidaia-albumean gordetzen den oroitzapen baten, esperientzia propio baten sentsazioak berreskuratu nahi dira. Funtsean, Euskadi pluralaren, modernoaren, aberastasun eta aniztasun turistiko handiaren eta nazioartean aintzatetsitako gastronomiaren irudia eskaini nahi dugu.
Prentsaurrekoan, sailburuarekin batera, Miguel Sanz izan da, Turespañako zuzendari nagusia. Erakunde horrekin elkarlanean aritu da Saila nazioarteko merkatuetan kanpaina indartuko duten marketin-ekintzetan. Expedia eta TripAdvisorrekin batera aurrera eramandako marketin kooperatiboko ekintza horien bidez, Euskadi markak, Basquetourren bidez, bere nazioarteko sustapena babestuko du, Turespañak hedatutako kanpaina batzuen bidez. Horrela, baliabide bateratuak maximizatu egiten dira eta hirukoiztu egiten da Euskadiren hasierako inbertsioa, eta horri guztiari esker sustapen optimizatuagoa lortzen da, kanal digitaletan inpaktu hobeak eta online presentzia handiagoa lortuz. Bestalde, eta akordio horien barruan ere, datozen egunetan National Geographic aldizkariko lantalde handi bat iritsiko da Euskadira erreportaje-sail bat prestatzeko, Sailak naturako baliabideen alde egindako apustua islatuko duena. Ekintza horien bidez, “Bizit Euskadi” kanpaina herrialde hauetako merkatuetan indartuko da: Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Estatu Batuak, Europako Iparraldeko herrialdeak, Belgika eta Holanda.
Sailburuak azpimarratu duenez, akordio horiek lehiakortasun-abantailak ekarriko dituzte, “…proiektu batean lerrokatzen ditugu gure taldeen baliabideak eta ezagutza teknikoa eta profesionala, eta errendimendua maximizatzen da. Horrela, Euskadik bere inbertsioaren inpaktua hirukoiztu egiten du, trafikoa Euskadiko turismoko landing pagera bideratzen da eta, oso garrantzitsua, Adimen Turistiko aurreratua sortuko da, kanpainaren bidez sortutako salmentei eta helmugara zuzendutako bilaketa-joerei buruzko informazioa bilduko duena.”
IKUS-ENTZUNEZKO MATERIALAK ETA GRAFIKOAK HEMEN: