• HITZARMENA
Basquetourrek eta Silken Hotelesek bat egin dute Grand Tourra bidaiariei hurbiltzeko

Basquetourrek eta Silken Hoteles hotel-kateak elkarlan berritzaile bat aurkeztu dute astearte honetan, uztailaren 29an. Ekimen honen bidez, Euskadi Basque Country Grand Tour esperientzia Euskadiko Silken hoteletako bezeroengana hurbilduko da, bidaia-esperientzia berezi hau hotelguneetatik abiatuta ezagutarazteko.
Ekitaldia Silken Gran Hotel Durangon (Durango, Bizkaia) egin da, eta bertan izan dira Basquetourreko zuzendaria, Dani Solana, eta Silken Gran Hotel Durango eta Silken Indautxu (Bilbao, Bizkaia) hoteletako zuzendaria, Alfredo López.
Akordio honi esker, hotel-kateko establezimenduek informazio-erakusmahai bat jarriko dute beren bezeroen eta ohiko erabiltzaileen eskura. Bertan, Grand Tour osatzen duten zortzi ibilbideen mapa ilustratua egongo da ikusgai; tresna hau turismo deszentralizatuagoa, iraunkorragoa eta kalitatezkoagoa sustatzeko diseinatu da.
Ekintza hau lehen esperientzia pilotu gisa planteatu da, ostalaritza-sektorearekin lankidetza-formula berriak probatzeko asmoarekin. Helburuetako bat da Euskadi turismo-helmuga erreferente gisa sendotzea eta bisitariaren esperientzia hobetzea, ostatura heltzen den unetik bertatik hasita.
Ekimen honen bidez, Basquetourrek beste urrats bat egin du Euskadi Basque Country Grand Tour proiektu estrategikoa zabaltzeko bidean. Egistamo hau turismo-fluxuak deszentralizatzeko, sasoiz kanpoko bisitak sustatzeko, egonaldien iraupena luzatzeko eta helmugan egiten den gastua handitzeko diseinatu da. Zortzi ibilbide tematikoen bidez, lurralde osoko baliabide turistikoak balioan jartzen dituen eskaintza anitz, iraunkor eta kalitatezkoa sustatzen du.
Gainera, Euskadi helmuga arduratsu gisa kokatzeko apustua sendotzen du, turismo etikoaren printzipioak barneratuz eta sektore publiko zein pribatuaren arteko gobernantzaren alde eginez.