• MEET BASQUE COUNTRY
Basquetourrek "Meet Basque Country 2025" ekimenaren laugarren edizioa ospatuko du azaroan
Euskadiko B2B merkaturatze-ekitaldirik garrantzitsuenak 50 turoperadore ekarriko ditu gurera, Ipar Amerika eta Latinoamerikako merkatu estrategikoetatik, besteak beste.
Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, MEET Basque Country 2025 egitasmoaren laugarren edizioa ospatuko du azaroaren 10eko astean, Euskadiko turismoaren nazioarteko merkaturatze-ekitaldirik garrantzitsuena sendotuz. Ekimen hau Euskadiko Turismo Jasangarriaren 2030 Estrategiaren eta 2023–2025 Ekintza Planaren baitan kokatzen da, eta helburu nagusi ditu gure helmugaren nazioarteko sustapena indartzea eta euskal sektore turistikoarekin harreman komertzialak erraztea.
Merkatu estrategikoekin topaketa estrategikoa
2025eko edizioak nazioarteko hiru merkatu estrategikotatik datozen 50 profesional bilduko ditu: Kanada (Toronto); Estatu Batuak (Miami, Los Angeles, New York eta Chicago), eta Latinoamerika (Buenos Aires, São Paulo eta Mexiko).
Parte-hartzaileek Euskadi helmugaren turismo-eskaintza anitza ezagutzeko aukera izango dute famtrip tematikoen bidez. Honako hauek dira bereziki bultzatuko diren arloak: premium turismoa, gastronomia eta ardoak, MICE, Grand Tour ibilbidea eta golfa.
Merkaturatzea sustatzeko bi networking-ekitaldi
Besteak beste, MEET Basque Country 2025 ekimenak bi topaketa nagusi antolatuko ditu euskal sektore turistikoarekin:
- Welcome Reception: Azaroaren 10ean, astelehena, Donostiako Tabakaleran egingo da ongietorri-ekitaldia. Bertan, Euskadi Basque Country helmuga aurkeztuko zaie gonbidatutako turoperadoreei eta bertaratutako euskal agintariei eta erakundeei.
- Workshop B2B: Azaroaren 14an, berriz, Bilboko San Mamés estadioan merkaturatze-topaketa antolatuko da. Bertan, harreman komertzialak ezartzeko asmoarekin, turoperadoreek bilera indibidualak izango dituzte euskal turismo sektoreko enpresekin.
Esperientzia eta jarraipena
Aurretik burutu dituen hiru edizioen arrakastaren ondoren, laugarren hau antolatuz, Basquetourrek bere konpromisoa berretsi nahi du euskal turismo sektorearen nazioarteko sustapenarekin. MEET Basque Country ekimena tresna estrategiko gisa finkatu da, Euskadiko turismo-eskaintza zabala —gastronomia, kultura, natura, kostaldea, hiriak, ekitaldiak eta MICE— nazioartean ezagutarazteko eta Euskadi helmuga erreferente bezala kokatzeko.