• FORMAKUNTZA
Basquetourrek hitzarmen bat sinatu du Turismoko LHtako hiru zentro publikoekin ikaslegoaren heziketan laguntzeko
Francisco de Vitoria, Xabier Zubiri Manteo eta Elorrieta-Erreka Mari ikastetxeetako turismo sailetako arduradunek eta Turismoaren Euskal Agentziako zuzendariak gaur goizean sinatu dute akordioa, Bilbon.
Helburua da ikasleek titulu akademikoan eskatutako prestakuntza eta konpetentziak eskuratu ahal izatea.
Gaur goizean, Daniel Solanak, Basquetourreko zuzendariak eta Nerea Fernández de Ortegak, Leire Bustingorrik eta Cristina Arrienek, Vitoria-Gasteizko IES Francisco de Vitoria BHIko Turismo sailetako buruek, Donostiako IES Xabier Zubiri Manteo BHIk eta Bilboko CIFP Elorrieta-Erreka Mari LHIIk, hurrenez hurren, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, IKASLAN LHko sarekoak diren zentro publiko hoietako ikasleek prestakuntza osatzeko.
Akordioaren arabera, Turismoaren Euskal Agentziak ziurtatu beharko du Eusko Jaurlaritzaren standei arreta ematen dieten ikastetxeetako ikasleak Estatuko azoka garrantzitsuenetan egotea, bereziki Fitur, Sevatur eta Expovacaciones azoketan edo Jaurlaritza Euskadi-Basque Country helmuga sustatzeko joaten den Estatuko edo nazioarteko beste azoka batzuetan.
Era berean, Basquetourreko edo turismo-sektoreko langileek ikastaroak, hitzaldiak eta prestakuntza-jardunaldiak emango dituzte zentroetan, eta euskal turismo-enpresek praktiketako ikasleak har ditzaten sustatuko dute (bidaia-agentziak, gidak), enpresak zentzu horretan motibatzeko edozein neurri hartuta.
Bestalde, ikastetxeek ikasleen praktika-beharrak zehaztu beharko dituzte, Basquetourreko zuzendaritzarekin batera praktikak zein Agentziako arlotan egingo diren adierazteko. Praktikak ikastetxe bakoitzeko urtebetez egingo dira, txandaka.
Ikastetxeek bermatuko dute, halaber, ikasleek ekitaldi, azoka edo Basquetourren lan egokia egiten dutela, eta ekintza guztien jarraipena koordinatuko dute, urteko memoria batean sartuta.
Nerea Fernandez de Ortega, Franciso de Vitoria BHIko Gida, Informazioa eta Laguntza Turistikoko Zikloaren arduradunak azpimarratu duenez “lehen aldia da LH-Turismoko ikastetxe publikoek, Ikaslanen sarekoak izanik, garrantzi horretako hitzarmen bat sinatzen dutela erakunde publikoekin.
Basquetourri ere eskertzen diot bere inplikazio guztia; izan ere, hori oso urrats garrantzitsua eta ikasteko aukera bikaina da LHko ikastetxe publikoetako ikasleentzat”
Bere aldetik, Basquetourreko zuzendariak azpimarratu du “horrelako lankidetza-hitzarmenak estrategikoak direla Agentziarentzat, eta Euskadik sektoreko hainbat arlotan (publikoak zein pribatuak) gaitasun handiagoa eta prestakuntza hobea duten turismoko profesionalak izan ditzan laguntzen dutela”.
Basquetourrek, 2006an sortu zenetik, prestakuntza-zentroekin eta unibertsitateekin lan egiten du, ikasleek beren ikaskuntza osatzeko praktikak egin ahal izan ditzaten.