•
Basquetourrek NBE Turismoko idazkari nagusi berriaren hautaketan parte hartu du
Gaur, ostirala, maiatzak 30, Basquetour turismoaren nazioarteko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batean parte hartu du: Nazio Batuen Turismo Erakundearen (NBE Turismo) Kontseilu Betearazlearen 123. saioan, Real Sitio de San Ildefonson (Segovia). Kide Afiliatuen Zuzendaritza Batzordeko kide gisa, aktiboki hartu dugu parte turismoaren norabidea mundu mailan markatuko duten erabaki estrategikoetan.

Saio honetako puntu nagusietako bat izan da NBE Turismoko hurrengo idazkari nagusia hautatzea, erakundea 2026 eta 2029 artean gidatuko duena. Honako bost hautagaiek aurkeztu dute beren burua kargurako:
- Gloria Guevara (Mexiko), Turismo ministro ohia eta WTTCko presidente ohia
- Muhammad Adam (Ghana), Espainiako enbaxadore ohia
- Shaikha Al Nowais (Arabiar Emirerri Batuak), Rotana hotel-taldeko zuzendaria
- Habib Ammar (Tunisia), Turismo ministro ohia
- Harry Theoharis (Grezia), arlo horretako ministro ohia
Hautagaitza bakoitzak 10 minutuko aurkezpen ahozkoa egin du, eta ondoren ate itxiko eztabaida eta isilpeko bozketa egin dira Kontseilu Betearazlearen baitan, 35 herrialdek osatzen dutena. Bozketaren emaitza azaroan Riaden (Saudi Arabia) egingo den Batzar Nagusian berretsi beharko da.
Espainiak, Kontseiluaren kide iraunkor gisa, zuzenean parte hartu du prozesuan. Saioaren irekiera ofizialean Jordi Hereu turismo ministroak hartu du hitza. Aurreko egunetan, Programa eta Aurrekontuen Batzordea eta Kide Afiliatuei buruzko Gaien Batzordea ere bildu dira, lan tekniko eta instituzional trinkoa egin dute, eta Basquetour bertan izan da.
Lan-saioez gain, egitarauak jarduera paraleloak ere jaso ditu, bertako ondareari eta inguruko abegikortasunari balioa emateko. Horren adibide da Segoviako Udalak Alkazarren eskainitako harrera ofiziala, 45 ordezkaritza baino gehiagoren parte-hartzearekin.
Basquetourrek parte-hartze aktiboari eusten dio nazioarteko turismoaren etorkizuna definitzen duten foroetan, gure ikuspegia eta konpromisoa eskainiz eredu iraunkorrago, orekatuago eta lurralde eta pertsonen aldekoago baten alde.