• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Txinako turismo-agenteek Euskadi ezagutu dute Basquetourrek antolatutako birari esker
Azaroaren 17tik 19ra, Turespañak Madrilen antolatuko dituen alderantzizko jardunaldiak baino lehen, Txinatik etorritako hainbat profesionalek euskal helmuga bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute familiarizazio-bidaia baten bidez.
Aste honetan Euskadik Madrilen antolatutako merkaturatzeari laguntzeko Alderantzizko Jardunaldian parte hartuko du, zeinaren helburu nagusia baita turismoa merkaturatzen laguntzea Txinako merkatuan. Ekintza hori euskal helmugaren nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da, eta merkatuak dibertsifikatzera eta eskaria desestazionalizatzera bideratua dago.
Euskal ordezkaritza Basquetourrek berak, eta turismo-arloko bi euskal enpresek osatzen dute. Enpresa horiek lan-bilerak egingo dituzte Euskadi beren bidaia-programetan txertatzeko interesa duten Txinako operadore eta eragileekin.
Egitasmo horren baitan, Txinatik etorritako hamar bidaia-agente Euskadin izan dira iada Basquetourrek antolatutako aurre-bira batean. Madrilen egingo diren hiru eguneko jardunaldien aurretik, bertatik bertara ezagutu dute euskal turismo-eskaintza anitza. Besteak beste, gure lurraldearen kultura, natura eta gastronomia baliabideak bisitatu dituzte.
Txinako merkatua, gorabidean Euskadin
Enfokatur Euskadiko Behatoki Turistikoaren datuen arabera, Txinako merkatuak joera positiboari eusten dio:
- 2025. urte honetan, Euskadik turista txinatarren 13.620 sarrera erregistratu ditu, 2024ko aldi berean baino %13,4 gehiago.
- Gaualdiak ere %11,4 igo dira, 26.509ra iritsiz.
- 2024an, 15.561 sarrera (2023arekiko +%11) eta 30.687 ostatu-gau (%7 gehiago) erregistratu ziren, historiako maximoak.
Sarrera guztien inguruko kuota %0,4an kokatu arren, Txinako merkatuak presentzia irabazten jarraitzen du; batez ere, udako eta udazkeneko hilabeteetan -ekaina, iraila, urria- eskaera-gailurrak izaten ditugu.