Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   EKOTURISMOA

Basquetourreko zuzendariak Euskadiko Ekoturismoaren V. Foroa inauguratu du

Aurten, Gaztela eta Leon izango da helmuga gonbidatua eta formatoa hibridoa izango da: online eta aurrez-aurrekoa.

Bi egunetan, Gasteizen, Estatu guztiko 260 pertsona inguruk ezatutuko dituzte euskal turismo-enpresen eta helmugen lankidetza eta kudeaketa-ereduak, Bizkaiko flysch-aren egitasmo berria, Leitzarango Biotopo Babestuaren kudeaketa-eredu, Gaztela eta Leongo estrategia natura-segmentu honetan eta Estatuko Idazkaritzak kudeatutako ekoturismo-nobedadeak.

Honez gain, foroa kalera aterako da ekoturismoaren euskal enpresa profesionalek eramango duten informazio- eta dinamizazio-esparru batekin, gaurtik eta hilaren 13ra arte, Andre Maria Zuriaren plazan.

1 / 4

Daniel Solanak, Basquetourreko zuzendariak, Euskadiko Ekoturismoaren V. Foroa inauguratu du gaur goizean. Bi egunez Gasteizen egingo da, aurrez aurre eta birtualki, aldi berean. Estatu osoko 260 pertsona inguru izango dira topaketa honetan, eta horrek ekoturismoak, oro har, eta Euskadiko foroak, bereziki, aurten Gaztela eta Leon helmuga gonbidatua duenak, sortzen dituen itxaropen handien ikuspegia ematen du.

Solanarekin batera Maider Etxebarria, Gasteizko alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzia ere izan da inaugurazioan.

Lehenengo egunean, Euskadiko enpresen eta helmugen berrikuntzak eta aurrerapenak ezagutuko dira:

  1. Bizkaiko flysch-aren proiektu berria, iazko udan abian jarritako ekimena.
  2. Leitzarango Biotopo Babestua bezalako naturgune batean turisten eta bisitarien fluxuak antolatzeko kudeaketa-eredua.
  3. Euskal enpresek eskaintzen dituzten jardueretako batzuk, adibidez, geoturismoari, basoko bainuei edo hegaztien argazkiei lotutakoak, ekoturismoaren barruan.
  4. Eta mahai-inguru bat ere izango da, non, Euskal Autonomia Erkidegoko helmuga eta enpresaburuen elkarteek, Espainiako Ekoturismoko Klubak eta Basquetourrek bultzatu duten lankidetza-hitzarmenaren laguntzaz, segmentu honen inguruan egiten ari diren lankidetza- eta lan-eredua aurkeztuko duten.

Gainera, gaur, Estatuko ekoturismoaren berrikuntzak eta aurrerapenak aurkeztuko ditu Turismo Idazkaritzak.

Basquetourreko zuzendariak gogorarazi duenez, “gaur turismoaren segmentu horretako adituen iritzia eta esperientzia izango dugu, Euskadik turismo jasangarriaren eta arduratsuaren alde egiten duen apustuaren zati bat baita, tokiko ingurunearekin, kulturarekin eta ekonomiarekin konprometitua. Eta, zalantzarik gabe, natura-turismoa eta, batez ere, ekoturismoa funtsezkoak dira estrategia honetan. Segmentu horrek gure lurraldearen barruan turismo-fluxuak modu orekatuagoan banatzen laguntzen du, eta, aldi berean, egonaldia desestazionalizatzen laguntzen du. Halaber, eskaintza dibertsifikatzen laguntzen du, hiriko eta kulturako turismoarekin osatzen baita”.

Bihar, osteguna, Gaztela eta Leongo ekoturismoaren ikuspegia jorratuko da, baita bertako Naturguneetan Turismo Iraunkorraren Europako Gutunaren inguruan gauzatzen ari den estrategia ere. Era berean, TRINO elkartea enpresak Espainiako ekoturismoko klubean integratzeko egiten ari den lanaren berri emango da. Azkenik, denbora egongo da sektore horretan lanean ari diren enpresa espezializatuak ezagutzeko.

Bestalde, Euskadiko Ekoturismoaren Foroak beste urrats bat eman du aurten, eta kalera aterako da, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara, Euskadiko ekoturismoko enpresa profesionalek lagundutako informazio- eta dinamizazio-gune batekin, hilaren 13ra arte.

Gune horretan hainbat jarduera izango dira, hala nola, Lankidetzarako Ingeniaritzak garatutako karbono-aztarnaren kalkulagailua, 2030erako Arabako Aliantzaren 13. Garapen Helburuaren talde eragilearekin batera; Euskadiko hiru lurraldeetako ekoturismoari buruzko argazki-erakusketa, informazio-materiala, lehiaketa eta zozketak, eta hiriak eskaintzen duen ingurune naturala ezagutzeko eta gozatzeko jarduera gidatuak.

Euskadiko Ekoturismoaren Foroa dagoeneko finkatuta dagoen eta ibilbide garrantzitsua duen hitzordua da. Azken 4 urteetan, 100 hizlarik baino gehiagok parte hartu dute, 1.500 profesional inguru bertaratu dira, eta gonbidatu gisa joan dira: Extremadura, Asturias eta Katalunia. Gainera, aldi berean, ekimen interesgarriak jarri dira abian, hala nola sektorerako prestakuntza espezifikoak edo enpresentzako workshop-a.

Foroa bihar bukatuko da Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin.

 

 

 

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30