Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   FITUR

Enpresa publiko eta pribatuen turismo-kalitatea aitortzen da Madrilen

Basquetourrek udalaz gaindiko administrazio publiko onenaren bigarren saria jaso du gaur goizean SICTEDen, FITURen, eta gaur gauean, 9 euskal enpresa turistikok jasoko dute kalitate turistikoko Q zigilua. Euskadik, Biarnok, Errioxak, Nafarroak eta Pays Basquek VISIT GastrOH! Nazioarteko Xede Turistiko Gastronomiko berria aurkeztu dute. Horrez gain, Estatuko turismo-ordezkari nagusiekin eta munduko OETetako zuzendariekin topaketa, aurten Kantabriak koordinatuko duen "España Verde" markako «premium» produktua sustatzeko bideoaren aurkezpena eta Euskadiko standean Irun, Gorbeia, Pasaia, Hondarribia, Gasteiz, Arabako Errioxa eta Lea-Artibaiko aurkezpenak gaur, FITUReko euskal agendan nabarmenena.

1 / 8

Eusko Jaurlaritzaren agenda turistikoa, gaur Madrilen, FITUR azokan zein kanpoan, ekitaldiz, bileraz eta aurkezpenez beteta egon da, Euskadiko standaren lan-eremuan euskal enpresek eta erakundeek aurreikusitako bilerez gain.

Gaur goizean, Basquetour- Turismoaren Euskal Agentziak udalaz gaindiko administrazio publiko onenaren bigarren saria jaso du, SICTEDen alde. Estatuko Turismo Idazkaritzak deitutako sari horien XII. edizioak profesionalek eta erakundeek 2021ean egindako ahalegina saritu nahi izan du. Profesional eta erakunde horiek, kalitate turistikoaren alde egindako lan bereziaren bidez, beren lurraldean, helmugan edo erakundean krisia kudeatzeko tresna baliagarria ikusi dute SICTEDen.

Euskadi 2006tik ari da lanean turismo-helmuga batean kalitatea kudeatzeko sistema integral eta iraunkor bat eskaintzen duen programa horretan. Beraz, proiektu finkatua eta heldua da. Basquetourrek bere hautagaitza aurkeztu du, euskal turismo-lehiakortasunaren eraldaketa jasangarri eta arduratsuaren aldeko apustua aldarrikatuz, Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak (GJH) betetzea lortzeko, orain arte landutako programak eredu bakar batean txertatuz.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko 9 turismo-enpresak kalitate turistikoko Q zigilua jasoko dute gaur gauean Madrilen, Turismoko Estatu Idazkaritzak antolatutako ekitaldi batean. Daniel Solana Basquetourreko zuzendaria bertan izango da, Cibeles Jauregian, eta Reyes Maroto ministroa eta Miguel Mirones ICTEko presidentea izango ditu buru.

Aintzat hartutako 9 euskal enpresak hauek dira: Zarauzko Aiala Ostalaritza Eskola, Getxo eta Santurtziko Turismo Bulegoak, Laudioko Anuncibai Jauregia, Plentziako hondartza eta Aspaldiko (Loiu), Izarza (Sondika) eta Jauregia eta La Escuela (Bilbo) jatetxeak.


Nazioarteko Turismo Xede Gastronomiko Berria VISIT GastrOH!
 

Euskadiko, Biarnoko, Errioxako, Nafarroako eta Pays Basqueko VISIT GastrOH! Nazioarteko turismo-helmuga gastronomiko berriaren aurkezpena izan da gaurko beste ekitaldi garrantzitsuenetako bat. 

Helmuga gastronomiko hori sortzea da GATURI proiektuaren esparruan lortutako lorpen nagusietako bat. Proiektu hori INTERREG POCTEFA programaren barruan garatu da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) laguntzarekin. Visit GastrOH! erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, mugaz gaindiko eremu batean, turismoaren eta nekazaritzako elikagaien sektoreetako ETEen lehiakortasuna hobetzeko xede bakar batean, merkaturatze- eta nazioartekotze-estrategia bateratuak diseinatuz.

Aurkezpenak inguruko bost lurraldeetako turismoaren ordezkari nabarmenak izan ditu, Pirinioaren bi aldeetan, eta ia berrogeita hamar Jatorri Izendapen eta Adierazpen Geografiko Babestu hartzen dituen helmuga gastronomiko bat osatzen dute, 200 jatetxe-establezimendu inguru eta mila jarduera eta ekitaldi gastronomiko baino gehiago, helmuga berri horretan bisitarien gozagarri izango den hari gidari bat bermatzen dutenak. 

Basquetourrek parte hartu duen gaurko beste hitzordu aipagarri batzuk honako hauek izan dira: Turismoko Munduko Erakundeko kide afiliatuen lehen Zuzendaritza Batzordea, 2022-2025 aldirako, eta NECSTouR (Turismo iraunkor eta lehiakorrerako Europako eskualdeen sarea) erakundeko Estatu mailako bazkideen bilera. Bilera horretan, besteak beste, Turismoko Iraunkortasun Planen lehen balantzea aztertu da.

 

Agenda Euskadiko standean 

Euskadiko standean hainbat ekitaldi eta aurkezpen ere egin dira lurraldeko helmugen aldetik. Ekitaldien artean azpimarratzekoa da Javier Hurtado Turismo sailburuak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak Fernando Valdés Turismoko Estatu Idazkariarekin, munduko OETetako zuzendariekin eta Estatuko beste turismo-ordezkari batzuekin izan duten topaketa, Euskadiko standean. FITUR azokaren ospakizunetan ohikoa den topaketak nazioarteko sustapenean aurten aurreikusitako ekintzak programatzeko balio izan du. 

Aurkezpenei dagokienez, Koldo Goitiak, Barakaldoko alkateak, GR-38 errepidearen zatia aurkeztu du, ardoaren eta arrainaren ibilbidea deritzona, Ziortza eta Lekeitio artean, Lea Artibai eskualdean; Rosa Garcíak, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko lehendakariak, “Arabako Errioxa guztiontzat” ekimena aurkeztu du. Arabako foru diputatu Cristina Gonzalezek eta Gasteizko zinegotzi Maider Etxebarriak lurraldeko enbaxadore berrien berri eman dute, eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok, berriz, “Irun, helmuga erromatarra” aurkeztu du.

Euskal Mendietako eta Haranetako natura eta turismo aktiboa ere protagonista izan dira gaur FITURen, kuadrillako eta Gorbeialdeko ADRko presidenteen eskutik, Agustin Otsoa eta Eider Ajuariagerra, hurrenez hurren, Gorbeia Bira Tour filmarekin. Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak, Hirien eta Erdi Aroko Hirien Elkartearen azken ekimena aurkeztu du kostaldeko herri honetan. “Sentitu istorioa, sentitu natura”.

Goiza amaitzeko, Javier Hurtado sailburuak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak bilera egin dute Fernando Valdés Turismoko Estatu idazkariarekin, mundu osoan banatutako 33 OETetako Turismo zuzendariekin eta Turespañak Euskadiko standean dituen ordezkari nagusiekin.

Arratsaldean, Pasaiako Itsas Jaialdiak aurten aurkeztuko dituen berrikuntzekin jarraitu dute aurkezpenek, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren berriro egingo baita. Erakusketaren arduradunak Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Xabier Agote jaialdiaren zuzendari eta Albaolako presidentea izan dira.

Eta amaitzeko, Gasteizko Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak “La Florida, galaz jantzita”, hiriko parke hau jolas-gune bihurtzeko app berria aurkeztu du.

 

Kantabriak koordinatuko du aurten «España Verde» marka

Kantabriako standean egin den ekitaldi batean, Autonomia Erkidego honek "España Verde" markaren 2022ko koordinazioaren lekukoa hartu du, Asturiasen eskutik. Bertan, marka turistiko hori osatzen duten autonomia-erkidegoen (Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi) sustapenerako bideo berri bat aurkeztu da, premium profilera zuzendua.

Bihar, ostirala, profesionalentzako azokaren azken eguna, Euskadiko standean egingo dira bilerak eta aurkezpenak.

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30