• EKOTURISMOA
Espainia Berdea Erreserba Ekoturistikoa aurkeztu dute Madrilen: estatuko ekoturismo-korredorerik handiena
Gaur aurkeztu dute Espainia Berdea Erreserba Ekoturistikoa Madrilgo "Casa de la Moneda" Museoan, eta bertan 100 pertsona baino gehiago eta Kantauri isurialdeko lau autonomia-erkidegotako ordezkari instituzionalak bildu dira.

Proiektu hau estatuko ekoturismo-korredorerik handiena da, eta jada 118 esperientzia immersibo eskaintzen ditu Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadiko natura eremu babestuetan zehar bidaiatzeko.
Astelehenean Zigoitian (Araban) egindako lehen aurkezpenaren ondoren, bigarren ekitaldi honek turismo jasangarriaren arloan aitzindari den ekimen baten dimentsioa erakutsi du. Proiektua Next Generation EU funtsen laguntzarekin garatu da, eta 400 eragile publiko zein pribaturen parte-hartzea izan du.
Asturiasko Printzerriak koordinatuta eta Espainia Berdea markaren baitan garatua, proiektuaren helburua da Kantauri kostaldea nazioarteko “slow travel” helmuga gisa ezagutaraztea, bidaiatzeko modu pausatu, ingurumenarekiko errespetuzko eta tokiko komunitateekin harreman estuan oinarritutako esperientziak eskaintzen dituena.
Asturiasko Turismo sailburuorde Lara Martínezek adierazi du turismo-eredu honek Iparraldeko natura-ondare paregabea balioan jartzeaz gain, landa-eremuko ekonomia biziberritzen laguntzen duela eta turismoaren denboraldikotasuna murrizten duela, betiere tokiko eragileak protagonista izanik.
Aurkezpenean parte hartu dute baita ere: Jakes Agirrezabal, Euskadiko Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; María Saiz, Kantabriako Turismo eta Ostalaritzako zuzendari nagusia; eta José Manuel Merelles, Galiziako Turismo Agentziako zuzendaria. Espainiako Gobernuaren ordez, Miguel Sanz (Turespañako zuzendari nagusia) eta Ana Muñoz (Turismoko Politika Zuzendaritza Nagusiko burua) bertaratu dira.
Esperientzien katalogoa —mendi-ibilaldiak, geoturismoa, fauna behaketa, etnografia eta lanbide tradizionalen tailerrak, ardoturismoa edo astroturismoa— dagoeneko eskuragarri dago: ingreenspain.es/reserva-ecoturista