Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   GREEN SPAIN

"España Verde-Green Spain" markak bere 30. urteurrena ospatzen du "Costa Verde Express" trenean Euskaditik Galiziara bidaiatuz

Urteurren honetan "España Verde" marka Euskadik koordinatzen du; eta urteurrenaren ospakizunekin amaitzeko, kazetari adituentzako eta atzerriko prentsarentzako bidaia antolatu da. Bidaia horretan, markak bere barne hartzen dituen 4 autonomia-erkidegoak bisitatuko dituzte.

1 / 2

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Perez Ezquerrak, gaur, “España Verde-Green Spain” markaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia aurkeztu du. Costa Verde Express trenean egingo den bidaiaren bitartez, Espainiako iparraldeko autonomia-erkidegoen erakargarritasunak prentsari erakutsi eta nazioartean ezagutzera eman nahi dira.

Autonomia-erkidego horiei dagokienez, sailburuak hauxe adierazi du: "turismoaren merkatua globala da, eta bertan España marka munduan finkatuta dago eta ospe handia dauka. Horregatik, gure artean elkarlanean jardun behar dugu, Green Spain-en eta beste ekimen batzuen bitartez, merkatu global horretan indar handiagoz sartzeko eta oihartzun handiagoa lortzeko, lurralde bakoitzaren berezitasuna galdu gabe”.

Horregatik, ospakizun honetan hainbat herrialdetako kazetariak press trip bat egitera gonbidatu dituzte, Espainiako iparraldea gurutzatzeko esperientzia haiei erakusteko. Europako hainbat herrialde —adibidez, Austria, Italia, Suitza, Alemania edo Frantzia—, Australia, Argentina, Mexiko eta Estatu Batuak —Chicagoko, Los Angelesko, Miamiko eta New Yorkeko hedabidetako ordezkariak— daude.

Sailburuak 2019ko hirugarren hiruhilekoari buruzko Exceltur-en azken txostena aipatu du. Bertan adierazitakoaren arabera, “eguzkiaren eta hondartzaren bila doazenekin alderatuz, “España Verde” markaren barne hartutako hirietan atzerriko turismoak gora egin du, bereziki urrutitik hurbiltzen direnen artean; horregatik funtsezkoa iruditzen zaigu mota horretako bisitariak erakartzeko elkarrekin lanean jarraitzea".

Urteurrenaren programa Euskadin

Costa Verde Express trena atzo abiatu zen Balmasedatik eta gaurko eguna Bilboren eraldaketa eta Guggenheim efektua ezagutzeko baliatuko dute. Alde Zaharra bisitatuko dute, ontzian Itsasadarrean barrena ibiliko dira (Itsas Museotik Getxoraino), Portugaleten, Zubi Esekian, geldituz, industria-memoriatik gaur egungo abangoardiako memoriaraino. Bihar Kantabria aldera abiatuko da, ostiralean Galizian amaitzeko, Asturiasen geldialdia egin ondoren.

España Verde-Green Spain

“España Verde” da Galiziak, Asturiasko Printzerriak, Kantabriak eta Euskadik sustatutako lurralde-marka, itsasertz kantauriarra nazioarteko merkatuan beste helburu turistiko bat bezala erakusteko asmoz. Turespaña-ren babesarekin 1989an sortua, “España Verde” markaren 30. urteurrenari bere marka-irudia indartzeko eta helmuga paregabe gisa sustatzeko helburuarekin ekiten dio. Naturaren ikuspegitik estatu-mailan liderra da; UNESCOren 14 Biosfera Erreserba, 25 parke natural, ia 2.000 kilometroko kostaldea eta 2.800 landetxe ditu. Donejakue Bideak eta bertako gastronomiaren kalitatea dira “España Verde” helmuga diferentea bihurtzen duten beste baliabide batzuk.

Euskadik “España Verde” markaren koordinazioa urte hasieran jaso zuen Asturiasen eskutik, FITUR azokan. 2019. urtean proiektu komun berriak jarri dira martxan. Horien artean azpimarratzekoak dira sare sozialetan burututako ekintzak, gaur aurkezten ari garena bezalako kazetariek ingurua ezagutzeko antolatutako bidaiak, jardunaldi zuzenak eta Londresko World Travel Market-en baterako parte-hartzea. Azken horretan "Art, Fashion & Design Green Spain" produktua aurkeztuko da, iraunkortasunaren eta bertako produktuaren aldeko apustu gisa.

www.ingreenspain.es

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31