• KODE ETIKOA
Euskadi aurrera doa arbitraje etikoa sustatzeko bidean: auzien bidezko ebazpenaren garrantzia nabarmendu da jardunaldi batean
" Euskadiko Etika Klusterra Fundazioak «Ekitate Arbitrajea» jardunaldia egin du asteazken honetan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Gasteiz aretoan, Basquetour " Eusko Jaurlaritzako Turismo Agentziarekin eta Vital Fundazioarekin elkarlanean.
Ekitaldia Euskadiko 2022-2028 aldirako Justizia Plan Estrategikoaren barruan antolatu da, auziak konpontzeko baliabide egokiak eta justizia errestauratiboa sustatzeko helburuz. Arbitrajearen eta justiziaren arloetako aditu eta aitzindari nabarmenek hartu dute parte jardunaldian, eta hau proposatu dute: ekitate-arbitrajearen ezaugarriak eta potentziala esploratzea, prozesu judizialaren ordezko aukera gisa.
Hauek izan dira parte-hartzaileetako batzuk: José Ignacio Besga Zuazola, Euskadiko Etika Klusterra Fundazioko lehendakaria; Daniel Solana, Basquetourreko zuzendaria; Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria; Cristina de la Cruz, Deustuko Unibertsitateko Filosofiako irakasle titularra, eta Eugenio Artetxe, Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendaria.
Programaren barruan arbitrajearen arloko aditu nabarmenen hitzaldiak ere izan dira. Hortxe aritu dira, adibidez, Bernardo Cremades, José Antonio Cainzos eta Luis Felipe Fernández de Troconiz, baita Begoña Crespo eta Susana Sucunza ere, zeinek ekitate-arbitrajearen alderdi batzuk jorratu baitituzte estatuaren zein nazioartearen ikuspuntutik.
Topaketa hau mugarria izan da Euskadiko justizia etiko eta errestauratiboaren sustapenean, eta berretsi egin du euskal gizartearentzako irtenbide zuzen eta bidezkoak bilatzeko zereginetan inplikatutako alderdi guztien konpromisoa.
Euskadiko Etika Klusterra Fundazioak, gizartearen balio etikoak sustatzeko konpromisoa duenez, auziak konpontzeko sistemak eta bitartekoak bultzatzearen alde egiten du, prozesu judizialaren ordezko aukera edo osagarri gisa. Era berean, eutsi egiten dio balio horiek gizartearen esparru guztietan ezagutu eta erabil daitezen laguntzeko misioari.
Ekitate-arbitrajea, printzipio etiko horien adierazpen nagusia izanik, tresna baliotsua da gatazkak zuzen eta adostasunez konpontzeko. Ildo horretan, Euskadiko Etika Klusterra Fundazioak zeregin horretan doan jardungo duela hitzeman du, ekitatearen eta adostasunaren ikuspegi hori partekatzen duten instituzioekin, erakundeekin eta pertsona juridikoekin elkarlanean.
Euskadiko Etika Klusterra Fundazioari eta horren jarduerari buruzko informazio gehiago jasotzeko, idatzi helbide elektroniko honetara: secretariatecnica@fundacionclusterdeetica.org.
Prentsa-harremanetarako: Jessica Medina V. / 606019060