• EUSKADI GASTRONOMIKA
Euskadi Gastronomikak bere irudi berria eta Balioen Karta aurkeztu ditu turismo gastronomiko iraunkorra sustatzeko
Euskadiko eskaintza turistiko-gastronomikoa biltzen duen sareak, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, bere marka eta web berriak eta Balioen Karta aurkeztu ditu.
Javier Hurtado Turismo sailburuak azpimarratu du sareko partaide izatearen sentimendua sendotzeko, enpresen arteko lankidetza suspertzeko, markaren ezagutza hazteko eta digitalizazioa bulzateko beharra.
Euskadi Gastronomikak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak bultzatutako sareak, bere irudi berritua eta turismo gastronomiko iraunkorrarekiko konpromisoa indartzen duten balioen karta aurkeztu ditu gaur.
Azken hamarkadan, Euskadi Gastronomika produktu-klubak bilakaera izan du Euskadiko turismoarekin batera, % 57ko hazkundea izan baitu, 1,5 milioi bisitari gehiagorekin. Zenbakiez haratago, sektoreak eman duen jauzi kualitatiboa da garrantzitsuena, gastronomiak bultzatuta neurri handi batean, Euskadi bisitatzen dutenen motibazio nagusietako bat baita.
Javier Hurtado sailburuak nabarmendu duenez, Euskadin turismo-eredu jasangarria garatu dugu, ingurumenaren, gizartearen, kulturaren eta ekonomiaren aldetik. Eta hori guztia sektorearekin egunero lan eginez egin dugu, lehiakorragoa, profesionalagoa eta digitalagoa izaten laguntzeko, eta, batez ere, iraunkortasuna bultzatzen jarraitzeko balioko diguten sareak (Euskadi Gastronomika, esaterako) sortzen laguntzeko. Izan ere, iraunkortasuna ez da helburu bat, baizik eta bidea bera, eta ez dugu bere garapenean gelditu behar. Gaur aurkezten ari garen Balioen Karta beste urrats bat da Euskadi Gastronomikaren bilakaeran. Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan kokatuta, balioen kartak gastronomiaren sustraien eta nortasunaren garrantzia nabarmentzen du, baita garatzeko duen gaitasuna ere. Abangoardia, tradizioan oinarritua. Horregatik, balioen kartak aurrerapauso berri bat ematen du Euskadiko jasangarritasun turistikoaren eredua bultzatzen jarraitzeko, gastronomiak funtsezko zeregina baitu eredu horretan.
Euskadi Gastronomika, 700 enpresa baino gehiagoren eskaintza eta zerbitzuak biltzen dituena, Euskadiko produktu turistiko gastronomikoa sortzeko eta garatzeko proiektu gisa hasi zen, baina eboluzionatu egin du balioak eta benetako euskal kultura gastronomikoan oinarritutako lan-filosofia partekatzen duten eragileen sare bihurtzeko. Bilakaera horretan, turismo-helmugen plangintza eta kudeaketa indartu da, sektorearen profesionalizazioa bultzatu da, turismo-eskaintza hobetu da eta gastronomia sustatu da Euskadi sustatzeko zutabeetako bat izan dadin.
Euskadi Gastronomikaren irudi berria modernoa eta eguneratua da, eta zerbitzuaren bikaintasunarekin eta benetakotasun gastronomikoarekin duen konpromisoa islatzen du. Horrez gain, webgune berri bat sortu da, jardueren eta esperientzien eskaintza, gaurkotasuneko blog bat, enpresa geolokalizatuen mapa bat eta euskal kultura gastronomikoari eta berezitasunei buruzko atal bat biltzen dituena.
Digitalizazioa Euskadi Gastronomikara ere iritsi da; izan ere, webgune berritik, interesa duten enpresek modu errazean eta Basquetour Turismo Agentziaren CRMarekin konektatuta egin ahal izango dute komunitatera atxikitzeko prozesua.
Aurrerapen horiekin, Euskadi Gastronomikak kide diren enpresen kide izatearen zentzua indartu, markaren balioak zabaldu eta turisten eta bisitarien aintzatespena areagotu nahi du. Era berean, gastronomia-eskaintza turistikoa etengabe hobetzea du helburu, Euskadi erreferentziazko helmuga aitzindari eta gogoangarri gisa sendotzeko.
"Euskadi Gastronomika berria" eta haren Balioen Karta beste urrats bat dira sare horren bilakaeran, jasangarritasun turistikoaren eredua bultzatzen jarraitzen baitu, non gastronomiak funtsezko zeregina duen. Euskadi Gastronomika Balioen Kartak 22 printzipio biltzen ditu guztira, 8 baliotan multzokatuta. Printzipio horiek Euskadi Gastronomika osatzen duten enpresa eta profesionalen DNAn egon behar duten ezaugarriak biltzen dituzte, eta honela xehatzen dira:
1.- Istorio gozoak ditugu kontatzeko, hurbileko produktuak eta tradizio gastronomikoa, eta Euskal Herriaren nortasun kulturala zainduz.
2.- Gure errezetarik preziatuena: laguntzea. Klubeko beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzea eta lurraldeko beste eragile batzuekin sarean lan egitea.
3.- Ongi etorri eta on egin! Bokazio turistikoa eta anfitrioiak dituen sarea, bisitaria etxean bezala sentiarazten duena.
4.- Gure bezeroekin hizketan. Euskadi Gastronomika, bezeroen iritzia online aktiboki entzutea.
5.- Atsegin handiz: sektoreko profesionalen etengabeko ikaskuntza eta kalitate turistikoarekiko konpromisoa, esperientzia gastronomiko diferentziala eskaintzeko.
6.- Gure lurra, itsasoak eta animaliak zaintzea. Gure ingurune naturala babestea, ekonomia zirkularra eta tokiko garapenaren aldeko apustua eginez.
7.- Turismo inklusibo eta irisgarriaren alde. Aurrera!
8.- Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa: klubeko enpresek iraunkortasuna eta erantzukizuna integratzen dituzte beren eguneroko zereginetan, errespetuan eta elkar ulertzeko ekarpenean oinarrituta.
Euskadi Gastronomikaren webgune berriak Euskadin eskaintzen diren jarduera eta esperientzia gastronomikoak zehazten ditu, eta horrek, aldi berean, Euskadiko Turismoaren presentzia digitala indartuko du eta gure Helmugarako aparteko marketin-kanpaina bat eskainiko du.
https://www.euskadigastronomika.eus /