• FITUR 2024
Euskadik 2023an baino % ia 13 euskal enpresa eta bilera gehiagorekin bukatu du FITUR
"Eusko Jaurlaritzaren lan-eremuan 167 enpresak parte hartu dute guztira, eta horietatik 148 pribatuak izan dira; enpresa horiek 839 bilera egin dituzte guztira.
Gainera, erakusmahaietan 11.736 pertsona artatu dira.
Asteburuko jarduerek interes handia piztu dute eta Zaporeak GKEak "pintxo-pote solidarioan" bildutako dirua 3.800 eurokoa izan da.
Basquetourrek amaitutzat eman du Madrilgo egonaldia, atzo FITUR itxi ostean. Datuen lehen balorazioarekin, positiboa izan dela esan daiteke. Publiko profesionalari eskainitako azoka-egunetan, 167 enpresa zenbatu dira Euskadiko erakustokiaren lan-eremuan; horietatik 148 pribatuak ziren, eta gainerakoak publikoak. Iaz baino % 12,8 gehiago. Eta eremu horretan 839 bilera egin dira, 2023an baino % 12,6 gehiago.
Bestalde,standean zeuden helmugari buruzko informazio-mahaietan, 11.736 pertsonari eman zaie arreta. Erakusmahaietan arreta eman duten profesionalen iritziz, aurten helmugari buruzko interesa eta ezagutza aurreko edizioetakoa baino handiagoa izan da, eta bisitariei eskainitako arreta-denbora ere handiagoa izan da.
Aurten, profesionalen aldetik informazio gehien eskatu duten gaien artean, turismo ornitologikoa, bainuetxeei eta ongizateari buruzkoa nabarmendu dira, baita ostatuei, jatetxeei eta MICE eskaintzari buruzkoa ere, erakusmahai orokorrean. Gasteizkoan, familia-turismoa, gastronomia edo bisita gidatuak izan dira aipagarrienak. Bilbon, hiriari edo urteko ekitaldiei buruzko informazio orokorra eman da, eta Donostian, berriz, talde handientzako ostatuak eta jatetxeei buruzkoak eskaini dira, bai eta familientzako planak eta Chillida Leku bezalako museoei buruzkoak ere.
Mendi eta Haranen erakusmahaian, publiko profesionalak karabanako bidaiei, turismo berdeari, motorreko ibilbideei, oinez eta bizikletaz egindako ibilbideei, ostatuei, taldeentzako harpidedunei, museoei eta Enkarterri eta bere Aste Santuari buruz galdetu du. Euskal kostaldekoan, informazio orokorra, hondartzak, ostatua, gastronomia edo geoparkeari buruzkoa izan dira garrantzitsuenak. Eta, azkenik, Arabako Errioxako erakusmahaian, esanguratsuena enobusaren zerbitzua, mendi-ibilien eta bizikleten ibilbideak, upeltegiak, familia-turismoa edo baliabide naturalak izan dira.
Asteburuan, madrildarrek informazio orokorraren, mendi-ibilien eta kostaldeko turismoaren alde egiten zuten. Gasteizen, hiria bisitatzeko behar ziren ostatuei edo egunei buruzko informazioa eskatu zuten; Bilbon, berriz, ostatuei, gastronomiari, kulturari, museoei edo familia-turismoari buruzko informazioa, eta Donostian, bainuetxeei, gastronomiari edo Chillida Lekuri buruzkoa. Mendi eta Haranen mahaian, kaleko bisitariak batez ere ibilbideei, ostatuei, gastronomiari, mendi-ibiliei, karabanako eta motorreko bidaiei edo bainuetxeei buruz galdetu du. Euskal Kostaldekoan, publiko horrek gehien eskatu duen informazioa gastronomiari, ibilbideei eta ostatuari buruzkoa izan da. Eta, Arabako Errioxan, upategiak eta karabanako bidaiak.
Asteburuko jarduerek ere harrera bikaina izan dute publikoaren aldetik, parte-hartze handiarekin (2023koa baino % 17 handiagoa), batez ere dantza eta dastatze tailerretan eta lehiaketetan. Gainera, Zaporeak GKEak "pintxo-pote solidarioan" bildutako dirua 3.800 eurokoa izan da, eta Lesboseko errefuxiatu-kanpamentuetan bizi diren eta asiloa eskatzen duten pertsonei 4.000 otordu emateko erabiliko da.