• NEXT GENERATION FUNTSAK
Euskadik 3,9 milioi euro jasoko ditu Next Generation funtsetatik turismo-ostatuko enpresetako energia-eraginkortasuneko proiektuetarako
Inbertsioari esker, turismoko energia-eraginkortasuneko proiektuak finantzatu ahal izango dira, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan
Ministroen Kontseiluak 3,9 milioi euro banatu dizkio Euskadiri turismo-enpresen energia-eraginkortasuneko eta ekonomia zirkularreko proiektuak finantzatzeko, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 14. osagaiaren esparruan.
Helburua turismo-enpresen lehiakortasuna handitzea da, energia-eraginkortasuneko eta ekonomia zirkularreko proiektuak garatuz, energia-kostuak eta karbono-aztarna murrizten laguntzeko.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, onespen horretatik aurrera, laguntza eskuratzeko mekanismoak gaitu beharko ditu. Programa berri horri buruzko informazioa sektoreari helarazi zitzaion, eta, hemendik aurrera, programa horretara sartzeko aginduaren xehetasunak landuko dira.
Establezimenduen energia-eraginkortasuna hobetzea
Sailak diru-laguntzaren deialdia egin ondoren, azken hartzaileak Konferentzia Sektorialaren akordioan definitutako turismo-ostatuko enpresak izango dira: turismo-ostaturako eraikinen jabe diren pertsona fisikoak edo juridikoak, edo mota horretako eraikinen enpresa ustiatzaileak, errentariak edo emakidadunak.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerek inguratzaile termikoaren eraginkortasun energetikoa hobetzera, berokuntza, hozte, klimatizazio eta ur bero sanitarioko instalazio termikoetan energia berriztagarriak erabiltzera eta argiztapen-instalazioak hobetzera bideratu beharko dira.
Jarduketek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa % 30 murriztea lortu eta justifikatu beharko dute, abiapuntuko egoerari dagokionez.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak gauzatzeko epea 2024ko abenduaren 31ra artekoa izango da, aurretik aurrekontu erabilgarria agortu ez bada behintzat.
Turismoaren arloko Next Generation funtsen 3,9 milioiko ekarpen hori Euskadin aurtengo turismo-jasangarritasuneko 24 milioi planei gehituko zaie. Plan horiek 67 milioira iritsiko dira 3 urteren buruan, eta 5,5 milioira Donejakue Bideko baliabideak birgaitzeko Xacobeo Planean, Euskadin. Funts horien helburua euskal turismo-industriaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea da.