• DTI
Euskadik bere konpromisoa berretsi du Turismo Helmuga Adimendunen Ereduarekin, DTI Saretzaren VII. Topaketan
120 helmuga baino gehiagoko 170 kudeatzaile elkartu dira aste honetan Kataluniako Santa Susannan egin den Turismo Helmuga Adimendunen Saretzaren (DTI) VII. Topaketan. Foro estrategiko hau Turismo Idazkaritza Nagusiak antolatu du, SEGITTUR erakundearen bidez, Santa Susannako Udala eta Bartzelonako Diputazioa laguntzaile izan direla.

“Hadi azkar iritsi nahi baduzu, joan bakarrik; urrun iritsi nahi baduzu, zoaz norbaitekin” lelopean, topaketaren helburua izan da turismo-eredu erresilienteago, inklusiboago eta iraunkorrago baterantz aurrera egitea, elkarlana eta ezagutzaren trukea oinarri hartuta.
Hiru jardunalditan zehar, DTI ereduarekin lotutako gai nagusiak landu dira, Espainia 2030 Turismo Iraunkorraren Etorkizuneko Estrategiaren garapen-fasearen barruan. Nabarmendu beharreko ekimenen artean daude Helmuga Adimendunen Plataforma (PID) eta Berrikuntza Irekiko Plataforma, helmugei tresna digitalak eta zerbitzu partekatuak eskaintzea xede dutenak, kudeaketa hobetzeko eta turismo orekatuago, berritzaileago eta konektatuago bat bultzatzeko.
Euskadik topaketan izan da, Basquetour erakundearen eta DTI Sareko kide diren euskal helmugen (Donostia / San Sebastián, Bilbao, Vitoria-Gasteiz, Getxo eta Uribe) bitartez. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartu du, lurralde-kudeaketan erreferente gisa.
Bestalde, Vitoria-Gasteizek protagonismo berezia izan du maiatzaren 7an egindako mahai-inguruan, non gobernantza eta Espainia 2030 Estrategiaren inguruko gaiak jorratu diren, DTI diagnosien eta jarraipen-txostenen inguruan bereziki. Eva Mesanza, Vitoria-Gasteizko Udaleko Proiektu Zerbitzuko buruak, Arabako hiriburuaren esperientzia partekatu du beste helmuga batzuetako ordezkariekin batera, hala nola Comillas, Santander eta Santa Susannakoekin.
DTI Sarea 680 kidek osatzen dute gaur egun: 501 turismo-helmuga, 86 erakunde, 86 enpresa eta 7 nazioarteko behatzaile. Sarea, Espainian turismo adimendunaren garapena bultzatzeko lankidetza-eremu erreal eta erabilgarri gisa sendotzen ari da.